Arartekoak Hezkuntza Sailari gomendatu dio berreskura dadila hautaketa-prozesuetako probak egiten diren bitartean bularra emateko erabiltzen den denbora, probaren amaiera-ordua luzatuz

Arartekoak kexa-idazki bat jaso zuen, Emakunderen bitartez, Hezkuntza Sailak iragarritako unibertsitatez kanpoko irakasleen kidegoetan sartzeko hautaketa-prozesuetan bularreko haurrak zituzten oposiziogileei eman zitzaien tratuagatik. Zehazki, ez omen zen biderik aurreikusi probak egin bitartean edoskitzen emandako denbora berreskuratzeko.

Arartekoak egiaztatu zuen beste hezkuntza-administrazio batzuen kudeaketa-esparruan hartu zirela antolaketa-neurri batzuk edoskitzen erabilitako denbora azterketarako denborari gehitzeko. 

Orobat, erakunde honek jakin zuen hautaketa-prozesu horretan gela bereziak jarri zirela bularra emateko, baina ez zekien ea hezkuntza-administrazioak hasierako bere aurreikuspenari eutsi zion (denbora berreskuratzeko baimenik ez ematea) edo, azkenean, aldaketaren bat egin zuen. Horregatik, Arartekoak informazioa eskatu zion Hezkuntza Sailari.

Sail horrek berretsi zuen hautaketa-prozesu hartan, egiaz, ez zela baimendu edoskitzen emandako denbora berreskuratzea eta, horregatik, aukera hori baliatu zutenek denbora gutxiago izan zutela azterketa egiteko. 

Horrez gain, adierazi zuen prozesu masiboa zela, 5.000ren bat lagunek eta 70 epaimahaik hartu zutela parte, azterketaren bi atalen artean gutxi gorabehera ordubeteko atsedenaldia aurreikusi zela, eta tarte hartan epaimahaiek bigarren ataleko logistika guztia antolatu behar zutela. Azkenik, aipatu zuen erraztasun guztiak eman zirela edoskitzea bizkor egiteko, toki egoki bat egokituz eta oposiziogilea toki hartara epaimahaikide batekin joaten zela.

Hezkuntza Sailak emandako erantzunetik ondorioztatzen denez, arrazoiak antolaketazkoak besterik ez dira. Hala ere, Arartekoaren iritziz, antolaketa-arazo horiek ezin dute baldintzatu eragindako pertsonek aitortu zaizkien ahalmenak eta eskubideak gauza ditzaten bermatzea.

Horregatik, Arartekoak Hezkuntza Sailari gomendatu dio berreskura dadila bere jarduera-eremuan iragarritako hautaketa-prozesuetako probak egiten diren bitartean edoskitzen erabilitako denbora, hasieran aurreikusitako amaiera-denbora luzatuz. 

EBAZPENA

Vitoria-Gasteiz, 2023ko maiatzaren 18a