Skip to main content
  • Plentziako oporretako egoiliar batzuek Ararteko adierazi zioten ez zeudela ados aparkatzeko sistema arautuaren alderdi batzuekin.

    Haien iritziz, araudiak tratu-desberdina ematen die alde batetik, Plentzian ibilgailua erregistratuta duten eta bertan erroldatuta daudenei, eta bestetik, udalerri horretan bigarren etxebizitza duten eta erroldatu gabe daudenei, beren ibilgailuak han erroldatuta ez dituztenei.

    Kexagileek uste dute udalak tratu desberdina ematen diela bertan erroldatutakoei eta araudi hori ezartzen den garaian (uztailaren 1etik irailaren 8ra) udalerri horretan egoten diren erroldatu gabeko egoiliarrei. Era berean, adierazten dute udalak udalerriaren erdigunean ia aparkatzeko aukerarik gabe utzi duela talde hori, aparkalekuak bertakoentzat bakarrik gordetzen direlako.

    Bestalde, Metroan dagoen aparkalekua bertakoentzat bakarrik dela diote, eta Gorlizeko, Barrikako eta Lemoizko bizilagunek ezin dutela erabili, nahiz eta autobus-zerbitzua eskasa izan eta gaueko 10etan bukatu. Portuari dagokionez, bi orduko muga duten (eremu urdina) lau aparkaleku sortu omen dituzte, baina denbora hori ez omen da nahikoa aparkatzeko, deskargatzeko eta itsasora irteteko.

    Azkenik, udalaren atzealdean dagoen lurzati bat aipatu dute. Beraien esanean, Foru Aldundiaren jabetzakoa da eta bertakoek soilik erabiltzeko eremutzat kalifikatu da.

    Udalari informazioa eskatu ondoren, hark txosten bat igorri zion Arartekoari. Bertan adierazi zuen ez zela egia bisitariek aparkatzeko aukerarik ez zutenik; errepikatu zuen udako hilabeteetan arazoak sortzen zaizkiela udalerrian 12 hilabetez bizi direnei, bertan lan egiten dutenei edo mugikortasun urriko txartela dutenei; eta berriz aipatu zuen berdintasun printzipioa ezin dela ezarri ekitate printzipioa kontuan hartu gabe.

    Arartekoaren aburuz, honako helburu hau dute aparkaldi mugatuko sistemen araudietan ezartzen diren egoiliar-araubideek: egoiliarrek beren bizilekutik gertu aparkatu ahal izatea, sistema horiek ezartzen dituzten eragozpenak izan gabe. Informazio-eskaeran gogoeta hori helarazi arren, udalak ez du horretaz ezer adierazi. 

    Erakunde honek uste du udalaren azalpenek ez dutela justifikatzen egoiliar talde bati eta besteari ematen zaien tratu desberdina, neurri horren helburua kontuan hartuta. 

    Horregatik, Plentziako Udalari gomendatu dio zerbitzu hori berrikus dezala, bertan erroldatutakoei eta oporretako egoiliarrei ematen dien tratu desberdinari dagokionez.

    EBAZPENA

    Vitoria-Gasteiz, 2024ko azaroaren 12a
     

  • Arartekoak argitara eman ditu Donostian egin zen Uda Ikastaroko ponentziak eta materialak
  • Herritar baten kexa aztertu ondoren, Arartekoak ebazpen bat bidali zion udalari. Kexagileak bera alderdi interesduna zen hirigintza-espediente batzuekin lotutako agiri batzuk ikusi nahi zituen. Sarbidea elektronikoki eskatu arren, udalak tasa batzuk ordain zitzan eskatu zion, agiriak ikusi eta deskargatu ahal izateko.

    Defentsa-erakunde honek gomendioan argudiatu zuenez, indarreko legeriak bermatu egiten du administrazio-espedienteetan bide elektronikoz sartzeko eskubidea, eta sarrera hori nola egin arautzen du. 

    Laburbilduz, Arartekoak Donostiako Udalari adierazi dio bide elektronikoz agiriak eskuratzea erraztu behar duela, indarreko legeriak hori ezartzen duelako eta informazioa eskuragarri jartzeko modu eraginkorra delako, eta ez dagoela justifikatuta horregatik tasa gehigarriak ezartzea.

    Orain dela gutxi Donostiako Udalak Arartekoari erantzun dio onartzen duela ebazpenean azaldutakoa, eta ahalik eta lasterren kenduko duela tasa horien kobrantza.

    Vitoria-Gasteiz, 2024ko azaroaren 7a

  • Herriaren defendatzaileen programa-adierazpen bat irakurrita gaur amaitu dira Arartekoak Gasteizen antolatutako Herriaren Defendatzaileen Koordinaziorako XXXVII. Jardunaldiak. Defentsa-erakundeen lana administrazio onerako eskubidea sustatzeko izenburuarekin hainbat arlotako adituek eta defentsa erakundeetako langileek hitzaldiak eskaini dituzte eta hainbat mahai-ingurutan parte hartu dute.

    Jardunaldia hasteko mahai-inguru bat egin da administrazio onak integritate-sistemen ardatz gisa duen dimentsio etikoari buruz eztabaidatzeko. Mahai-inguru horretan Gianluca Espositok, Europako Kontseiluko Giza Eskubideen eta Zuzenbide-Estatuaren zuzendari nagusiak eta Galiziako Valedora Do Pobo eta Gaztela eta Leongo Procurador del Común erakundeetako ordezkariek hartu dute parte. 

    Gainera, 12 eta 16 urte bitarteko 6 gaztek dokumentu bat aurkeztu dute gazteen ikuspegitik administrazio ona lortzeko hobekuntza-iradokizun zehatzekin. Gazte horiek Andaluziako, Kanarietako, Kataluniako eta Arartekoaren Nerabeen Kontseiluetako ordezkariak  dira eta ekainean ere bildu ziren gazteak administrazioarekin nola erlazionatzen diren hausnartzeko. 

    Neska-mutil hauek, funtsean, euren iritziak entzutea eta kontuan hartzea eskatzen dute, batez ere euren intereseko gaiei buruzko erabakiak hartzerakoan. Gai horien artean daude, besteak beste, hezkuntza, espazio publikoa, aisialdirako guneak edo osasun mentaleko zerbitzuetarako sarbidea. 

    Defendatzaileek aurkeztutako programa-adierazpenaren arabera administrazio onak herritarrak administrazio publikoen jarduketen erdigunean jartzea eskatzen du eta azpimarratzen du zerbitzari publikoek enpatiaz eta gizarte-sentsibilitatez jokatu behar dutela.

    PROGRAMA-ADIERAZPENA

    Vitoria-Gasteiz, 2024ko urriaren 30a
     

  • Defentsa-erakundeen lana administrazio onerako eskubidea sustatzeko
  • Defentsa-erakundeen lana administrazio onerako eskubidea sustatzeko
  • Herritar batek kexa egin zion Arartekoari, Donostiako Udalak ez baitzien erantzun udal instalazioen garbiketa-zerbitzuen kontratua kudeatzearekin zerikusia zuten eskaera batzuei. Kexagilea enpresa esleipenduneko langilea zen eta argitu nahi zuen ea egindako zerbitzuak bat zetozen hasiera batean esleitutako baldintzekin.

    Kexa aztertu eta udalari informazioa galdegin ondoren, Arartekoak ebazpen baten bidez gomendatu zion hobetu zezala informazio publikoa lortzeko eskaeren tratamendua, zehazki, kontratazio publikoko gardentasunaren testuinguruan.

    Zehatz-mehatz, Arartekoak udalari eskatu zion informazio publikoa lortzeko eskaera gardentasun-araudiko eskakizunen arabera izapidetu zezala, ebazpen arrazoitua emanez eta behar bezala justifikatuz edozein muga edo ez ezespen-arrazoi aplikatzea.

    Udalak adierazi du gomendio hori onartu duela eta ebazpen bidez aitortu duela kexagileak baliatu zuen informazio publikoa lortzeko eskubidea.

    EBAZPENA

    Vitoria-Gasteiz, 2024ko urriaren 22a
     

  • Topaketen helburua da Europako Kontseiluaren eta Europako defentsa-erakundeen arteko lankidetza-gune bat sortzeko ekimenari jarraipena ematea, Veneziako Printzipioak ezartzearen inguruan, printzipio horiek Ombuds erakundeen jardunerako erreferentziako parametrotzat hartuta.
Vitoria-Gasteiz
Ararteko

Arartekoak Hezkuntza Sailari gomendatu dio herritarren arretari buruzko araudi espezifiko bat gara dezala, herritarrei arreta integral eta multikanala emateko Dekretua behin-behinean aplikatuta

Pertsona batek kexa aurkeztu zuen Arartekoan, ez zegoelako ados Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko Arabako Lurralde Ordezkaritzan aurrez aurreko eta telefono bidezko arretarik ez ematearekin. Kexagileak azaldu zuenez, administrazioarekin telefono bidez hitz egiten saiatu zen, baina, erantzunik jaso ez zuenez, posta elektroniko bidez lurralde-ordezkaritzarekin harremanetan jartzea erabaki zuen. Ondoren, Sailaren mezu elektroniko bidez eman zitzaion erantzunarekin ados ez zegoenez, zerbitzu eskudunarekin aurrez aurreko bilera eskatu zuen. Hala ere, ez zuen erantzunik jaso.

Arartekoak Hezkuntza Sailaren lankidetza eskatu zuen herritarrei arreta emateko duten eredua ezagutzeko. Halaber, kexagilearen arazo zehatza jorratzeko harekin bilera bat ez egiteko arrazoia zein zen ere galdetu zuen. Sailak bere erantzunean azaldu zuenez, laburbilduz, lurralde-ordezkaritzak enplegatu publikoei soilik ematen die arreta. Izan ere, ez dauka herritarrei arreta emateko zereginik esleituta, eginkizun hori Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernu Sailaren Herritarrak Hartzeko Zerbitzuari baitagokio (Zuzenean). 

Ebazpenean, Arartekoak hezkuntzaren eremuan herritarren arretari buruzko araudi espezifikoa garatzeko beharra azpimarratzen du, kontuan hartuta indarrean dagoen araudia ordezko moduan aplikatzen dela Sailean. Horregatik, Hezkuntza Sailari gomendatzen dio herritarren arretarako eredua arautu dezala eta, bien bitartean, herritarrei informazioa emateko kanal eta zerbitzuen funtzionamendua argitu eta zehaztu dezala. Gainera, Arartekoak Sailari eskatu dio Zuzenean zerbitzuarekin duen koordinazioa hobetzeko, arreta integral eta eraginkorra bermatzeko eta, hala, herritarrei beren eskubideak baliatu eta betebeharrak betetzeko erraztasunak emateko.

EBAZPENA

Vitoria-Gasteiz, 2024ko irailaren 16a