Arartekoak isun bat baliogabetu dezala eskatu dio Gasteizko Udalari, uste baitu ez duela argitu non zegoen aparkatuta ibilgailua

Herritar batek Arartekoari adierazi zion ez zegoela ados Gasteizko Udalak jarri zion isunarekin, “ibilgailua zirkulaziorako errei batean aparkatzeagatik, zirkulazioa bera oztopatuz”, Pablo Xérica kaleko 2. zenbakian. 

Bere esanean, ibilgailua ez zegoen toki hartan aparkatuta eta, gainera, Pablo Xérica kalean ez dago 2. zenbakirik; hortaz, bere iritzian, ezinezkoa zen isuna eragin zuen arau-haustea gertatu izana.

Arartekoak informazioa eskatu zion udalari. Haren ustez, arau-haustea behar bezala frogatuta geratu da, argudio honetan oinarrituta: udaltzain salatzaileek ikusi eta nahitaezko salaketetan idazten dituzten egintzek legez egiazkotasun presuntzioa dute.

Hala ere, administrazio horrek ez du berariaz adierazi ea salaketa-egunean, Pablo Xérica kalean, 2. zenbakirik bazegoen ala ez; hala ere, badirudi inplizituki onartu duela halakorik ez zegoela, hauxe baitio: “kale horretan zenbaki bakoitiak daude”. Orobat, ez du argitu non zegoen aparkatuta ibilgailua, baldin eta salaketan adierazi zen arau-haustearen kokalekua existitzen ez bazen.

Arartekoaren aburuz, ez dira argitu kexagileak sortu dituen zalantzak (ez dela existitzen arau-haustea kokatu zen toki hura, eta ez dela zehaztu zein toki zen, baldin eta salaketan adierazitakoa existitzen ez bada) eta argibiderik ezak eragina izan du interesdunak akusazioa ezagutzeko duen eskubidean eta, horrekin batera, bere burua defendatzeko eskubide konstituzionalean.

Arartekoa ez dator bat Gasteizko Udalak bidalitako balorazioarekin eta, horregatik, gomendatu dio baliogabetu dezala jarritako isuna, eta kexagileari itzul diezaiola hura ordaintzeko bahitutako kopurua, halakorik egin bada. 

Vitoria-Gasteiz, 2022ko maiatzaren 25a


Lotutako dokumentazioa

Ebazpena