Arartekoak Lanbideri gomendatu dio ken dezala nahitaez aurretik hitzordua eskatu behar izatea bere bulegoetan administrazio-izapideak egiteko, eta sistema hori borondatezko aukera gisa mantendu dezala
Herritar batek Arartekora jo eta adierazi zuen ez zegoela konforme nahitaez aurretik hitzordua eskatu behar izatearekin diru-sarrerak bermatzeko errenta (DSBE) berritzeko. Azaldu zuenez, sistema horrek arazoak sortzen ditu aurrez aurreko izapide batzuetarako, mugatu egiten baitu herritarrek bulegoetan zuzenean arreta jasotzea. Lanbideri laguntza eskatu ostean, hark azaldu zuen sistema hori hasieran osasun-arrazoiengatik ezarri zela, COVID-19aren pandemia garaian, bere instalazioetan pertsonak pilatzea saihesteko eta baliabideak optimizatzeko.
Hala ere, Arartekoaren ustez, osasun-neurriak kendu direnez gero, jada ez dago justifikatuta aurretiko hitzorduaren derrigortasuna, eta herritarrei arazoak sor diezazkieke eta beraien eskubideei eragin diezaieke, besteak beste, administrazio ona izateko eskubideari. Arartekoak azpimarratu du administrazioak eraginkortasunez jardun behar duela, baina, era berean, pertsonek zerbitzu publikoak alferrikako oztoporik gabe eskura ditzaten bermatu behar duela. Orobat, nabarmendu du nahitaez aurretik hitzordua eskatu behar izateak, beste aukerarik eman gabe, kalte egin diezaiekeela berehalako arreta behar dutenei edo baliabide elektronikorik ez daukatenei.
Azkenik, Lanbidek jakinarazi du arreta-eredu berriak gauzatzeko prozesuan dagoela eta horien bidez aurretiko hitzordurik gabe arreta eskainiko duela bulego batzuetan, eta, etorkizunean, guztietan. Arartekoak eskatu dio aukera hori bulego eta izapide orotara heda dezala, zerbitzu publikoetarako sarbide ekitatiboa bermatzeko.
Vitoria-Gasteiz, 2024ko urriaren 9a