Arartekoak parte hartu du herriaren defentsa-erakundeen eta Europako Kontseiluaren goi mailako konferentzian
Manuel Lezertua arartekoak parte hartu du, Estrasburgon, Herriaren defentsa-erakundeen eta giza eskubideen erakunde nazionalen (GEEN) goi mailako konferentzian. Topaketa hori Europako Kontseiluaren Ministroen Batzordeko Luxenburgoko Lehendakaritzak antolatu du.
Bi egunetan barrena, Europako defentsa-erakundeen eta GEENen zenbait titularrek beren ikuspegia partekatu dute Zuzenbide Estatuak gaur egun aurre egin beharreko erronkez eta erakunde horiek berori defendatzeko orduan duten eginkizunaz, baita aro digitalean erabaki publikoak hartzearekin lotutako arriskuez eta aukerez ere. Ekitaldi horretan lantegi batzuk ere egin dira, hainbat ideia trukatzeko defentsa-erakundeen eta Europako Kontseiluaren arteko lankidetza-aukerei buruz eta Europako Kontseiluaren tresna erabakigarri batzuk aplikatzeari buruz, esaterako, Giza Eskubideen Europako Hitzarmena, Veneziako Printzipioak eta Adimen Artifizialari buruzko Esparru-hitzarmen berria.
Arartekoak hizlari gisa esku hartu du honako mahai-inguru honetan: “GEENen eta herriaren defentsa-erakundeen eginkizuna Zuzenbide Estatua defendatzen”. Berarekin batera aritu dira Poloniako Justizia ministroa, Herbehereetako herriaren defendatzaile eta Europako Ombudsmanaren Nazioarteko Institutuko lehendakaria, Giza Eskubideen Erakunde Nazionalen Europako Sareko zuzendaria eta Finlandiako Giza Eskubideen Zentroko zuzendaria.
Lezertuak bere mintzaldian nabarmendu du defentsa-erakundeak, erakunde independente gisa, funtsezko elementuak direla Zuzenbide Estatuaren, giza eskubideen eta demokraziaren Europako arkitekturan. Herritarren kexak kudeatuz eta administrazioekin etengabe hitz eginez, defentsa-erakundeek administrazioaren legezkotasuna hobeto errespetatzen laguntzeaz gain, indartu ere egiten dute herritarrek erakunde demokratikoetan duten konfiantza.
Gainera, arartekoak gogorarazi du defentsa-erakundeak Europako Kontseiluaren funtsezko aliatuak direla giza eskubideetan oinarritutako kultura sustatzeko: alde batetik, Europako Kontseilutik eratorritako estandarrak sartzeagatik beren agintea betetzean, eta bestetik, herritarren arazoetatik hain gertu egoteak informazio baliotsua lortzeko aukera ematen dietelako, giza eskubideen arloan arauak eta estrategiak garatzeko. Horrela, agerian jarri du nazioartean gero eta tentsio handiagoko egoeran gaudela, eta azpimarratu du aukera paregabea eskaintzen zaigula Europako defentsa-erakundeen eta Europako Kontseiluaren artean lankidetza-gune bat ezartzeko.
Vitoria-Gasteiz, 2025eko martxoaren 28a