Arartekoak Segurtasun Sailari gomendatu dio Ertzaintzak salaketak aurkezteko araudira egokitu dezala bere jarduera, salaketak jartzea erraztuz, batez ere salatzaileak sexu-eraso baten biktimak badira

Orobat, eskatu dio bizkor ikertu eta izapidetu dezala diziplina arloan zehatu daitekeen polizia-portaera bati buruz herritarrek egindako edozein salaketa

Arartekoak izapidetzeko onartu zuen kexa batean, salatu zen hamabost urteko neska batek behar ez bezalako tratua jaso zuela ertzain-etxe batean, pairatu zuen sexu-erasoa salatzera joan zenean.

Kexagileak zioenez, ertzainek ez zituzten kontuan hartu zertzelada haiek, zalantzan jarri zuten bere lekukotza egiazkoa ote zen, harremanak onartuak izan ote ziren ala ez argitzera bideratu zuten beren jarduera, nahiz eta alderdi hori garrantzirik gabekoa izan, biktima 16 urteko adingabea zelako. Era berean, adingabeari eta bere gurasoei salaketa jartzeko asmoa burutik kentzen saiatu ziren.

Arartekoaren iritziz, salaketa jartzeko asmo argiaren aurrean ertzainek hura formalizatzeko orduan zalantzak azaltzea, kontuan hartuta hamasei urteko adingabeen kontrako sexu-abusuaren delituan sartzen den egintza-kontakizun bat zela, legezko bide egokietatik ez doan polizia-portaera da eta ahalbidetu dezake delituaren ustezko egilea aske geratzea, justiziaren mende jarri gabe. 

Bestalde, kexagileak ertzainen jarduera hura salatu zuen Segurtasun Sailean. Ertzain-etxeko Unitateko Buruzagitzak, jarduera hartan parte hartutako ertzainen txostena aztertu ondoren, jarduera bete behar ziren arauetara egokitu zela eta ez zela diziplinazko hutsegite arina izan iritzi zion; horregatik, jarduerak artxibatzea proposatu zuen. Gero, salaketa-idazkia Barne Arazoetarako Buruzagitzara bidali zen eta hura, ikerketa zabalagoa egin ostean, ez zen bat etorri jardueraren kalifikazioarekin, izan ere, hutsegite arintzat jo zuen portaera arau-hausle hura, eta, beraz, jardueran parte hartutako ertzainen erantzukizuna adierazi zuen, nahiz eta ordurako hutsegitea jada preskribatuta egon.

Horren haritik, Arartekoak nabarmendu du tartean sartutako ertzainen deklarazio hutsak ezin duela izan oinarri nahikoa haien jarduera zuzena izan zela justifikatzeko, eta ikerketa ezin dela hartu Arartekoaren gomendio honetan bildutako gidalerroen araberakoa: Arartekoaren 7/2011 Gomendio Orokorra, urriaren 28koa, Poliziaren jarduera eta praktiketako berme sistemari buruzkoa. Azkenik, Arartekoak sail horri gomendatu dio bizkor burutu ditzala Ertzaintzaren diziplina-araubidea erregulatzen duen araudian ezarritako izapideak norbaitek diziplina arloan zehatu daitekeen polizia-portaera bat salatzen den kasu guztietan, azaldutakoa bezalako preskripzio-egoerak eragozteko.

EBAZPENA

Vitoria-Gasteiz, 2023ko martxoaren 2a