Arartekoak Arabako Foru Aldundiko Ogasun, Finantza eta Aurrekontu Sailari gomendatu dio ken dezala berariazko programa informatikoa erabiltzeko derrigortasuna ondare-eskualdaketen eta egintza juridiko dokumentatuen gaineko zergaren autolikidazioak egiteko, aurrez aurre aurkezten badira. Izan ere, herritar bat kexu zen, informatika-ezagupenik eta baliabide teknikorik ez zeukanez gero, ezin izan zuelako izapide hori bete administrazioaren laguntzarik gabe.
Arartekoaren ustez, aurrez aurreko izapideetan tresna digital bat soilik erabil dadila agintzeak urratu egiten du pertsona fisikoek administrazioarekin harremanak izateko bidea aukeratzeko duten eskubidea. Gainera, ohartarazten du foru-agindu batek ezin duela eskubiderik murriztu berariazko lege-gaikuntzarik izan gabe, eta administrazioek irizpide objektibo eta egiaztagarrien bidez justifikatu behar dutela bitarteko elektronikoak erabiltzeko derrigortasun oro.
Aztertutako kasuan, herritarrak programa informatiko bat jarri beharra zeukan bere ordenagailuan, edo ordenagailu publiko bat erabili, laguntza pertsonalizaturik gabe. Hortaz, Arartekoak ondorioztatu zuen ez zirela bermatu irisgarritasun-baldintza egokiak. Era berean, ebazpenean administrazio onaren printzipioa aipatzen du, eta arrakala digitalaren ondorio diskriminatzaileez ohartarazten du, baldin eta ordezko bide eskuragarririk edo euskarri nahikorik eskaintzen ez bada.
Arartekoak nabarmendu du administrazio publikoek beren arreta-ereduen erdigunean jarri behar dituztela herritarrak, eta legezkotasunaren, irisgarritasunaren, doakotasunaren eta diskriminaziorik ezaren printzipioak beteko dituzten bideak bermatu behar dituela, aurrez aurrekoak nahiz digitalak. Arartekoak gogorarazi du pertsona askok, batez ere adin handikoak edo prestakuntza digital eskasa dutenak, baztertuta gera daitezkeela beraien premia bereziak kontuan hartzen ez badira.
EBAZPENA
Vitoria-Gasteiz, 2025eko maiatzaren 14a