Arartekoaren erakunde-adierazpena Ingurumenaren Munduko Egunean

2023ko ekainaren 5a

Arartekoak, erakunde-adierazpen honen bidez, Ingurumenaren Munduko Egunaren 50. urteurrenean parte hartu nahi du. Izan ere, aurten, plastiko-kutsaduraren arazoari buruzko ingurumen-kontzientziazioa sustatzen du.

Gure gizartean plastikoak neurriz kanpo erabili ohi dira, eguneroko produktuak (esaterako, plastikozko poltsak eta bilgarriak) berehala kontsumitzeko premia baitago, eta horiek planetarako ingurumen-karga bihurtzen dira berehala.

Plastikoen aroak errealitate deserosoa sortu du. Gizon-emakumeek urtero sortzen dituzten 400 milioi tona pasatxo plastikotik, % 10 inguru bakarrik lortzen da birziklatzea; beraz, gutxi gorabehera 19 eta 23 milioi tona bitarteko hondakin plastiko agertzen dira urtero lakuetan, ibaietan eta itsasoetan. Zabor kopuru handi hori plastikozko irlak sortzen ari da eta irla horiek arrisku larrian jartzen dituzte munduko uretako ekosistemak.

Arartekoaren ustez, Ingurumenaren Eguna ingurumen-neurri eraldatzaileak mobilizatzeko aukera gisa proposatzen da aurten. Aurrerapen zientifikoak behar dira, botere publikoen eta enpresa-sektorearen apustu irmoa bultzatu behar da plastikoaren bizi-ziklo osoari buruzko asmo handiko politikak garatzeko. Plastikoari oztopoak jartzera bideratuta dauden tokiko kanpainen indar eraldatzailea ere nabarmendu behar da. Horren adibide dira euskal elkarte ekologistek Euskadiko ibaietara hondakinak erortzeko arriskua murrizten duten saretak jartzeko sustatutako kanpainak edo boluntarioek euskal kostaldea garbitzeko egiten dituzten kanpainak. Arrantzaleen kofradiek arrantza-sareetan harrapatuta geratzen den itsasoko zaborra ondo biltzeko kanpainak ere bai.

Ingurumenaren munduko egun honetan, Arartekoak hondakin plastikoen izurrite horri aurre egiteko beharra aldarrikatu nahi du, horien erabilera murriztuz produktuen diseinutik bertatik, erosteko unean edo, gutxienez, hondakinak behar bezala kudeatuz, ingurunean sakabanatzea saihestuko duen birziklatzearen bidez. Plastikozko irlak gure erosketa-poltsan hasten dira.

Vitoria-Gasteiz, 2023ko ekainaren 5a