Emakumeen Nazioarteko Eguna dela eta, Arartekoaren erakunde-adierazpena

Botere publikoek osoko ikuspegia hartu behar dute, emakumeek ekonomian, lanean eta enpresan berdintasunezko partaidetza izan dezaten bermatzeko

Martxoaren 8an, Arartekoak bat egin nahi du barne-eremuko, Europako eta nazioarteko beste elkarte eta erakunde batzuekin, honako hau azpimarratzeko: gizon-emakumeek aurrera egin dezaten, oso garrantzitsua da gure ekonomia-, lan- eta enpresa-sistemak emakumeen gaitasunei eta ekarpenei modu egokian leku ematea lortzea, kontuan hartuta eremu horietan berdintasuna bermatzea aurretiazko baldintza dela, halaber, emakumeen arteko pobrezia-mailak murrizteko.

Helburu horrekin, saihestezin bihurtzen da botere publikoek, atzerapenik gabe, osoko ikuspegi bat har dezaten, emakumeek ekonomian, lanean eta enpresan berdintasunezko partaidetza izan dezaten bermatzeko. Ikuspegi horrek zutabe hauek izan behar ditu oinarri:

•    Lana, norberaren bizitza eta familia bateragarri egiteko politikak indartzea, zainketa-arloan gizonen erantzukizun partekatua bultzatuz, gizon eta emakumeentzako baimenak gehituz eta hedatuz, lan malguko formulak sustatuz eta areagotuz.; 

•    Gizonen eta emakumeen arteko ordainsari-arrakalak kentzea, zeharkako bereizkeria-neurriei edo estereotipo eta joera sotil edo inplizituei aurre eginez, izan ere, oraindik bizirik daude lan-eremuan eta jarduera ekonomikoak berezko dituen eremuetan. 

•    Generoaren ikuspuntutik orekatuak izango diren erabakiak hartzeko prozesuak bultzatzea, emakumeek lan-merkatuan eta erabaki-eremuetan berdintasunez parte hartzea zailtzen duten oztopoak kenduz; besteak beste, “kristalezko sabaia” deritzona, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2022ko azaroaren 23ko (EB) 2022/2381 Zuzentarauak ezarri berri duen bezala. Zuzentarau hori sozietate kotizatuen administratzaileen artean genero-oreka hobea izateari buruzkoa da eta 2024ko abenduaren 28a baino lehen egin behar da horren transposizioa. 

•    Neskatoei eta neskato nerabeei zientzian eta teknologian prestakuntza erraztea, eremu horietan erabateko gaitasunaz sartu ahal izan daitezen, eremu horiek erabakigarriak baitira etorkizuneko gure gizarteak eratzeko, NBE Emakumeak izeneko erakundeak egun honetan gogorarazten digunez. Erronka bereziak dira, alde batetik, adimen artifizialaren eremuko aurrerapenak, eta, bestetik, hortik erator daitezkeen desberdintasunak kentzea, eta erronka horiek ezin dira burutu eta ez dira burutu behar emakumerik gabe.

Arrazoi horiengatik, Arartekoak euskal erakundeei dei egiten die, beren politiketan helburu eta estandar horiek argi eta garbi sar ditzaten. Eta, aurten ere, honela babesa erakusten die Euskadin martxoaren 8a ospatzeko antolatzen diren emakumeen eskubideak aldarrikatzeko adierazpenei. 

Vitoria-Gasteiz, 2023ko martxoaren 7a