Errefuxiatuen Munduko Eguna dela eta, Arartekoaren erakunde-adierazpena

2022ko ekainaren 20a

Bihar ospatzen den Errefuxiatuen Munduko Egunak beste aukera bat eskaintzen du gobernuei honako hau eskatzeko: ahaleginak areagotu ditzatela gatazka armatuak prebenitzeko eta salbuespenik gabe pertsona guztien gizarte-ongizatea bilatzen elkartzeko. Gero eta pertsona gehiago daude ihes egitera behartuta, gatazketatik edo jazarpenetatik bizirik ateratzen saiatzeko, itxuraz amaierarik ez duen espiralean. Orain Europan bizi den egoerak argi erakusten du gerra izugarri garratza dela, erabat zentzugabea, baina, aldi berean, herrien artean mendekotasuna dagoela eta gizon-emakumeen elkartasuna premiazkoa eta beharrezkoa dela. 

Hala ere, pertsona ahul eta etsi horiek babestea politika publikoen erdigunetik oso urrun dago, nahiz eta arlo horretan indarrean egon oinarrizko eskubideak babesteari eta zuzenbide humanitarioari buruzko nazioarteko hainbat tresna: Genevako 1951ko Hitzarmena, Errefuxiatuen Estatutuaren gainekoa, eta 1967ko New Yorkeko Protokoloa; hitzarmen horien parte dira Europako estatu gehienak, eta nahitaez bete beharrekoak dira, Europar Batasuneko asilo arloko araudia bezalaxe.

Gure hiri eta herriek beraien jaioterriak utzi behar izan dituzten milioika pertsona hartzen dituzte; herrialde haietan zituzten beren erroak, harremanak, etxebizitzak. Erabaki eta interes politiko-ekonomikoen edo geoestrategikoen biktimak dira, eta errotik moztu zaizkie beren jaioterrietan bizitzeko, garatzeko, trebatzeko, seme-alabak hazteko eta bizimodu duina izateko aukerak. Eska daitekeen gutxienekoa da gure artean laguntza bilatzen dutenean, guztiz errespeta dadila gaizki tratatutako beren duintasuna eta berma daitezela beren giza eskubideak, jaioterriari, etniari edo administrazio-egoerari begiratu gabe. Gai horiek eztabaida publikoaren eta gure agintarien erabakien erdigunean egon behar dute, jatorria edo jatorri nazionala edozein izanda ere.

Horregatik, egun honetan Arartekoak bat egiten du Nazio Batuekin errefuxiatu guztien giza eskubideak defendatzen, izan ere, pertsona horiek gatazka armatuetatik, bidegabekeriatik edo premia gorritik ihesi datoz, eta egoera horiek ez lukete tokirik izan behar ideal humanitarioak globalizatu diren mundu honetan, non aurrerapen teknologikoei eta komunikaziozkoei esker arindu litezkeen, gutxienez larrienak. 

Vitoria-Gasteiz, 2022ko ekainaren 19a