Europar Batasuneko Oinarrizko Eskubideen Agentziaren txostenak, terrorismoaren aurkako borrokaren harira, Arartekoaren ekarpenak jasotzen ditu

Aurretik iragarri genuen bezala, 2021ean, Europar Batasuneko Oinarrizko Eskubideen Agentziak (FRA) txosten bat argitaratu zuen, zeinak, Arartekoaren parte-hartzearekin, beste pertsona eta erakunde batzuekin batera, EBren Zuzentarauak terrorismoaren aurkako borrokaren harira pertsonen eskubideetan zuen eragina aztertzen baitzuen. Duela gutxi, FRAk txosten honen laburpenaren itzulpena argitaratu du, EBko hizkuntza ofizialetan. Horrekin, FRAk herritarrentzako eskuragarri jarri du aipaturiko txostena eta aukera ematen digu Arartekotik horren edukiei buruzko hausnarketa bat partekatzeko.

Aipaturiko txostena, “2017/541 (EB) Zuzentaraua, terrorismoaren aurkako borrokari buruzkoa – Eragina Oinarrizko Eskubideetan eta Askatasunetan” (ikusi euskarazko laburpena) deiturikoa, Agentziak egin du, Europako Batzordeak hala eskatuta, aipaturiko Europako zuzentarauko xedapenak aplikatzeak pertsonen eskubideetan izandako eragina aztertzeko. Oro har, txostenean ezartzen da beharrezkoa dela juridikoki argiagoa izatea, eta orientazio praktiko bat eta berme solidoagoak izatea terrorismoaren aurkako borrokari dagokionez, izan ere, borroka honetan erabilitako neurriak, zuzenean edo zeharka, muga larriak ekar ditzake oinarrizko eskubideei eta askatasunei dagokienez.

Arartekoak Oinarrizko Eskubideen Europako Agentziak berak egindako lankidetza-eskaera baten ondorioz hartu zuen parte txostenean. Horrela, Arartekoak bat egin zuen terrorismoaren aurkako borrokaren esparruan esperientzia handia zuten elkarrizketaturiko 107 pertsona eta erakunderekin (epailetzaren, fiskaltzaren eta orokorrean justiziaren esparruko pertsonak eta esparru akademikokoak barne); bai eta GKEekin eta Ararteko erakundea bezalako kontrol-erakundeekin. Txostenak EBeko 7 estatu kidetan jarri zuen arreta, terrorismoarekiko esperientzia-aniztasuna eta terrorismoaren aurkako legeriaren aplikazioa islatzeko xedearekin, baita oreka geografikoari eusteko ere.

Txostenean, Agentziak zazpi irizpen igorri ditu, terrorismoaren aurkako borrokaren esparruko EBren neurriek erabat errespetatu ditzaten oinarrizko eskubideak EB osoan. Arartekoak Agentziarekin egindako lankidetzaren esparruan egindako ekarpenaren ildotik, horien artean, honako hauek nabarmendu beharko lirateke:

  • Bere lehenengo puntuan, Agentziak adierazi du prestatzeko delituen tipifikazioak —esate baterako, terrorismo-delitu bat egiteko probokazio publikoa (Espainiako sisteman biktimen apologia eta umiliazioa barne hartuko lituzkeena) eta helburu terroristekin egindako bidaiak— ez duela eragin kikiltzailerik izan behar eskubide indibidualak (adibidez, adierazpen-askatasuna) modu legitimoan baliatzeari dagokionez (1. Irizpena).
  • Gainera, Agentziak dei egin dio Europako Batzordeari Estatu kideei orientabideak bidal diezazkien, terrorismo-delituen interpretazio- eta aplikazio-esparrua erabat egokitu dadin Zuzentarauan ezarritakora, eta horrela, agintaritzek interpretazio ireki bat egin dezatela ekiditeko (5. Irizpena).
  • Azkenik, Agentziak azpimarratu du, pertsonen eskubideetan neurriz kanpoko eragin bat ekiditeko xedearekin, terrorismo-jardueretan parte hartzeagatik susmagarriak diren pertsonen kontra Estatu mailako agintaritzek administrazio-neurrien erabilerak aplikatzeko arau eta baldintza argiak bete behar ditu (6. Irizpena).