Getxoko Udalaren baiezko erantzunaren ondoren, Arartekoak bukatu du bere esku-hartzea lizentziarik gabeko lokal batean etxebizitza bat egokitzeko obren kasuan
Getxoko eraikin bateko jabeen komunitateak Arartekoari kexa egin zion eta honako hau salatu zuen: lizentziarik gabe etxebizitza gisa gaitutako lokal batean hirigintzako legezkotasuna berrezartzeko hasi zen espediente batek ez zuela aurrera egiten.
Kasua aztertu ondoren, Arartekoak Getxoko Udalari gomendatu zion administrazio-prozedura horren tramitazioa bizkortu zezala.
Gomendio horri erantzunez, Getxoko alkateak txosten bat bidali dio Arartekoari, Hirigintza, Azpiegitura, Udal Eraikin eta Obra Arloko Administrazio Orokorreko teknikariak egina. Txosten horretan adierazten denez, Arartekoaren gomendioari jarraikiz, ofizioz eta justifikaziorik gabeko atzerapenik gabe bultzatzen ari da espediente horri dagokion administrazio-prozedura, lokal horren hirigintzako legezkotasuna berrezartzeko.
Getxoko Udalaren baiezko erantzuna ikusita eta hirigintzako legezkotasuna berrezartzeko prozedura ofizioz bultzatzen ari dela baieztatuta, Arartekoak onartutzat jo du bere gomendioa eta, beraz, amaitu du kasu honetan izan duen esku-hartzea.
Vitoria-Gasteiz, 2025eko apirilaren 11