Giza Eskubideen Europako Auzitegiak adierazi du Espainiak ez zituela kondenatu baten eskubideak urratu zigorra irmoa izan eta bost urtera espetxeratzea agindu zuenean

Demandatzaileari hiru urteko espetxe-zigor irmoa ezarri zioten 2014ko urtarrilean. Indultua eskatu zuen eta eten egin zen kondenaren betearazpena. Justizia Ministerioak ez zuen indultu-eskaerari buruzko ebazpenik eman  eta demandatzailea bere zigorra irmoa izan eta bost urte baino gehiago igaro ondoren espetxeratu zuten. Tarte horretan legegileak Zigor Kodearen 134. artikulua aldatu zuen: 2015era arte zigor baten preskripzio-aldia ez zen eteteagatik eteten baina, ordea, 2015ean legegileak erabaki zuen zigorraren etendurak preskripzio-epea etengo zuela eta, horrela, hasiera batean bost urtekoa zen epe hori indultua izapidetzen ematen den aldira arte luzatzen da. Demandatzailearen kasuan Zigor Kodea 2015eko aurreko bertsioan aplikatzeak berekin ekarriko zuen bere zigorra 2019ko urtarrilean preskribatzea. Hala ere, 134. artikuluaren bertsio berriaren arabera, posible izan zen 2019ko ekainean espetxeratzea agintzea.

Epaian Giza Eskubideen Europako Auzitegiak ezetsi egin du egoera horrek Giza Eskubideen Europako Hitzarmenaren 7. artikulua urratzen duenik. Artikulu horrek delituak eta zigorrak ezartzen dituzten arauen atzeraeragina debekatzen du. Aztergai dugun kasu honetan atzeraeraginez aplikatu zen araua prozedurazkoa zen, eta zigorra betearazteko moduari lotuta zegoen, baina ez zen  zigorrari berari edo delitu-jokabideari buruzkoa. Espetxe-zigorra irmoa izan eta bost urte geroago betearazi bazen ere, ez zitzaion ezarri delitua egin zuen unean delitu horrekiko ezartzekoa zena baino kondena larriagorik.

Giza Eskubideen Europako Auzitegiak, aldi berean, baztertu egiten du askatasunerako eskubidea urratzea, Hitzarmenaren 5. artikuluan ezartzen denarekin bat. Auzitegiak uste du demandatzaileak arrazoiz aurreikus zezakeela 134. artikuluaren aldaketak zer ondorio izango zituen indultuaren ebazpenaren zain zegoen bitartean eta kondenaren betearazpena etenda zegoen bitartean. Hori horrela da bere kasua izapidetu zuen Probintzia Auzitegiak abian zegoen prozedura bati prozedura-arau berria aplikatu zionean printzipio orokor eta ezagun bati jarraitu ziolako. Demandatzaileak ezin zuen kondena ez betetzeko itxaropenik izan eta hori horrela da 2017an Probintzia Auzitegiak kondena etenda mantendu zuelako, demandatzaileak jarritako errekurtso baten ondorioz etendura kendu ondoren. Une horretan indarrean zegoen 134. artikuluaren aldaketa eta demandatzaileak preskripzioa eten egingo zela pentsa zezakeen. Beraz, ezarri eta bost urtera kondena betetzea ez da arbitrariotzat hartzen.