Haurren Defentsa-erakundeen Europako Sarearen (ENOC) adierazpena, Europar Batasuneko mugetan haur eta nerabe migratzaileak babesteari buruzkoa, Migrazioari eta Asiloari buruzko Ituna onartzearen ondorioz
Arartekoak bat egiten du ENOCen adierazpen horrekin, zeinak beharrezkotzat jotzen baitu berme eraginkorrak ezartzea adingabe horien eskubideak benetan babesteko, izan ere, Itunak kezka sortzen du, Europako mugetan jaso lezaketen tratuarengatik.
Haurren Defentsa-erakundeen Europako Sareak (ENOC) bere baitan hartzen ditu Europako 34 herrialdetako haur eta nerabeen eskubideak babesteko 44 erakunde. Sare horrek behin eta berriz eta etengabe adierazi du kezkatuta dagoela haur eta nerabe migratzaileen egoeragatik, eta hainbat gomendio egin ditu haien gainean eta haien eskubideak hobeto babesteko premiaz, nazioarteko eta eskualdeetako araudiaren arabera.
2015. urteaz geroztik, milioika haur eta nerabe iritsi dira Europara segurtasun eta babes bila. 2020tik, Europar Batasuneko (EB) herrialdeetan, adingabeen 800.000 asilo-eskaera berri baino gehiago erregistratu dira, eta horietatik 113.000 baino gehiago bakarrik edo beren familiengandik bananduta dauden adingabeenak dira.
Orain, EBko estatu kideak 2024ko apirilaren 10ean onartutako Migrazioari eta Asiloari buruzko Ituna aplikatzeko prestatzen ari direnean, ENOCek uste du berme eraginkorrak ezarri behar direla haur eta nerabe horien eskubideak benetan babestuko direla ziurtatzeko, izan ere, Itunak kezka sortzen du, Europako mugetan jaso lezaketen tratuarengatik.
Baldin eta Itunean erantzukizunak banatzeko eta elkartasunerako aurreikusi diren tresnak egiaz eraginkorrak ez badira, itun horrek ez du konponduko lehen sarrerako estatuen gaineko "presioa". Mugetan giza eskubideak urratzeko eta asiloa eskatzeko eskubidea are gehiago higatzeko arriskua arindu nahi bada, giza eskubideak bermatzeko tresna nahikoak ezarri behar dira, besteak beste, ikuskatzeko mekanismo eraginkor eta independenteak, zaurgarritasunaren kontuzko ebaluazioak eta bideratze bizkorrak egokituta dauden zerbitzuetara (adibidez, haurrak babesteko zerbitzuak eta osasun-laguntza), informazio kritikoa eta laguntza juridikoa ematea, nazioetan ustezko tratu txarrak azkar eta eraginkortasunez ikertzeko sistemak.
EBk eta bere estatu kideek inbertsio ekonomiko eta operatiboak lehenetsi behar dituzte, asilo eta harrerarako sistema nazionalak baliabideez behar bezala hornitzeko. Jendeari, kosta ahala kosta, Europara heltzeko asmoa kentzen ahalegindu beharrean, estatuek oinarrizko eskubideak eta pertsonen duintasuna defendatzen jarri beharko lukete arreta.
Arartekoak, ENOC sareko kide denez, bat egiten du horien eskubideak babesteko propio egin den erakunde-adierazpen horrekin.
Vitoria-Gasteiz, 2025eko otsailaren 12a