Hausnarketa laburra, salatzailea babesteko eta sektore publikoetan zein pribatuetan integritatea bultzatzeko legea indarrean sartzeari buruz

Gaur indarrean sartu da Arau-hausteei eta ustelkeriaren aurkako borrokari buruzko informazioa ematen duten pertsonak babesteari buruzko otsailaren 20ko 2/2023 Legea. Lege horrek barne-ordenamendu juridikoan txertatzen du 2019ko urriaren 23ko 2019/137 (EB) Zuzentaraua, Whistleblowing Zuzentaraua deritzona, zeinak kontratazio publikoaren, ingurumenaren babesaren, osasun publikoaren eta elikagaien segurtasunaren arloko ez-betetzeengatik egindako salaketak babesten baititu, besteak beste. Legea Europako Batzordeak ezarritako epea baino urtebete beranduago sartu da indarrean, Batzordeak Espainia Europar Batasuneko Justizia Auzitegira bidaltzea erabaki ostean, ez-betetze horrengatik.

  • Legearen xedea:

2/2023 Legearen helburua da entitate publikoetan eta pribatuetan integritatearen eta informazioaren kultura indartzea, lan-testuinguruan eta testuinguru profesionalean gertatzen diren arau-hausteak salatzen dituzten pertsonak babestuz. Europako zuzentarau horrek salatzaile terminoaren alde egin du, 2/2023 Legean hobetsi den informatzaile terminoaren ordez.

Ildo horretatik, legeak honela dio: «Jarduera zibiko askok ohartarazi zuten jardunbide irregularrak eta ustelkeriakoak zeudela, eta, horiei esker, ikerketak sustatu ahal izan dira. Ikerketa horiek, legez ezarritako prozedura judiziala izapidetu ondoren, jokabide horiengatik dagokion kondena penala ezartzea eragin dute.

Hala ere, ohartarazi behar da, halaber, jokabide zibiko laudagarri horiek, batzuetan, ondorio penagarriak eragin dizkietela praktika ustelen eta beste arau-hauste batzuen berri eman dutenei, hala nola alderdi salatuek eragindako presioak; horregatik, ezinbestekoa da ordenamendu juridikoak herritarrak babestea, onura publiko argiko jokabide ausarta erakusten dutenean. Gainera, garrantzitsua da gizartean finkatzea legea hausten dutenei jazarri egin behar zaiela eta ez-betetzeak ez direla onartu edo isildu behar. Hori da lege honen helburu nagusia: harreman profesional baten esparruan ordenamendu juridikoaren urraketei buruzko informazioa ematen duten herritarrak babestea

Horretarako, legeak bi informazio-sistema planteatzen ditu: entitate publikoetarako eta pribatuetarako barneko informazio-sistema bat eta agintari independenteentzako kanpoko informazio-sistema bat.

  • Barneko informazio-sistema:

Hala,2/2023 legeak barneko informazio-sistema bat ezartzeko agindua ematen du 50 langile baino gehiago duten sektore publikoko zein sektore pribatuko entitate guztietan.  Sektore publikoan, barneko informazio-sistema bat izateko betebeharra entitate guztiei luzatu zaie, langile-kopurua zeinahi ere den. Hortaz, administrazio publikoek sistema horretan egon beharko dute, izan lurraldekoak, izan instituzionalak, bai eta agintari independenteak eta sektore publikoko fundazioak, sozietateak, unibertsitateak, Gizarte Segurantzaren zerbitzuak kudeatzen dituzten beste erakundeak eta Zuzenbide Publikoko erakundeak ere. Ildo beretik, barneko-informazio-sistema bat izateko betebeharra organo konstituzional guztiei eta garrantzi konstituzionalekoei ere ezarriko zaie, bai eta Autonomia Estatutuetan aipatutako guztiei ere. 

  • Kanpoko informazio-sistema:

Kanpo-eremua funtsatzeko, legeak Estatuko Informatzailea Babesteko Agintaritza Independentearen figura aurreikusten du, bai eta gaur egun autonomia-erkidegoan dauden eta lege-garapen autonomikoaren bidez sor daitezkeen agintaritza eta antzeko erakundeena ere.

  • Barne-sistema, lehentasunezko bidea:

Barneko eta kanpoko kanalen artean, arau berriak barneko informazio-sistemaren alde egiten du, salaketa aurkezteko lehentasunezko bide gisa. Hala ere, salatzaileak aukeratuko du bide bat edo bestea, arrisku-mailaren balorazioaren arabera.

  • Eremu materiala eta pertsonala:

Nolanahi ere, aukeratzen den bidea edozein dela ere, legearen eremu materiala oparoa dela esan daiteke, eta eremu pertsonala sektore publikoan edo pribatuan lan egiten duten pertsonak hartzen ditu barne (hemen sartzen dira langileak, zuzendaritzako pertsonak, boluntarioak eta prestakuntza-aldian daudenak), baldin eta lan- edo lanbide-testuinguru batean egindako arau-hausteei buruzko informazioa lortu badute, bai eta lan-harremana amaituta duten pertsonak ere. Gainera, bi kanalek ematen dute salaketak modu anonimoan aurkezteko aukera, eta biek dute salaketok aurkezteko kanal anitzeko sistema bana.

  • Zehatzeko erregimena:

Azpimarratzekoa da arauak zehatzeko erregimen bat jasotzen duela salatzaileen aurkako errepresalia posibleei aurre egiteko, bai eta komunikazio-kanalen inguruko arauak ez betetzeari aurre egiteko ere. Zehatzeko ahal hori erakunde independenteei eta agintariei esleitzen zaie, administrazio publiko bakoitzaren barne-eremuan dituzten zehatzeko beste ahalak gorabehera.

  • Legea indarrean sartzea eta izango duen eraginkortasuna:

2/2023 Legea indarrean sartzeak esan nahi du sektore publikoko eta sektore pribatuko erakundeek hiru hilabeteko epea izango dutela dagozkien barneko informazio-sistemak abian jartzeko. 10.000 biztanle baino gutxiagoko udalerrietan eta 250 langile bano gutxiagoko enpresetan sistema hori martxan jartzeko epea 2023ko abenduaren 1era arte luzatuko da.

  • Ondorioak:

Ararteko erakundeak uste du onetsitako xedapenak ezinbestekoak direla sistema demokratikoak behar bezala funtzionatzea eragozten duten egoera irregularrak salatzen dituztenen babesa bermatzeko. Araudi horren oinarrian dagoen zuzentarauaren transposizio-data amaituta zegoen (2021eko abenduan), baina onuragarria da, berandu bada ere, Europar Batasuneko Zuzenbidearen aginduak gure ordenamendu juridikora ekartzen dituen araudi bat izatea. Hala ere, ezartzeke eta garatzeke dago salaketen kanpoko informazio-sistema egituratuko duen agintaritza independentea, arau horren helburua betetzen dela bermatzeko ezinbesteko osagarria, hain zuzen. Euskal Autonomia Erkidegoari dagokionez, alde batera utzi gabe lege horren xedapen asko zuzenean aplikatu ahal izatea eta legeak euskal administrazio publikoentzat eta konstituzio-organoen antzeko estatutu-erakundeentzat dakartzan berehalako betebeharrak, irekita geratzen da gerora autonomia-erkidegoko lege bat egiteko aukera, xedapen horiek EAEko errealitate instituzionalera egokituta aplikatzeko alderdi zehatzak zehaztuko dituena.