Herriaren Defendatzaileen Koordinaziorako XXXVII. Jardunaldiak
Defentsa-erakundeen lana administrazio onerako eskubidea sustatzeko
Urriaren 29an eta 30ean, Gasteizko Villa Suso jauregian egingo dira Herriaren Defendatzaileen Koordinaziorako XXXVII. Jardunaldiak. Arartekoak antolatu ditu, izenburu honekin: “Defentsa-erakundeen lana administrazio onerako eskubidea sustatzeko”.
Topaketa hori urtero egiten da, defentsa-erakunde guztien lankidetza-harremanak sendotzeko, eta bertara joango dira Espainiako herriaren defendatzailea eta Estatuko 9 defendatzaile autonomiko, beren lantaldeetako kideekin batera.
Edizio honetan, administrazio ona sustatzea izango da hizpide. Zeharkako gaia da administrazioen jardueran, eta garrantzi handia du pertsonen bizitzan eta administrazio horiekin dituzten harremanetan.
Administrazio ona erabakigarria da herritarrek erakunde publikoetan duten konfiantza sendotzeko eta sistema demokratikoaren narriadurari aurrea hartzeko. Hori aitortu eta ezartzea funtsezkoa da kalitate oneko kudeaketa publikoa, eraginkorra eta ekitatiboa bermatzeko.
Hain zuzen ere, defentsa-erakundeek funtsezko zeregina dute administrazio onerako eskubidea sustatzen, herritarren eskubideen bermatzaile gisa jardunez eta administrazio publikoen jardunerako hobekuntzak proposatuz.
Gainera, jardunaldi horien esparruan, joan den ekainaren 12an Bartzelonan elkartu ziren Andaluziako, Kanarietako, Kataluniako eta Arartekoko nerabeen kontseiluetako 12 gazte, gazteak administrazioarekin nola erlazionatzen diren hausnartzeko eta administrazio ona izateko hobekuntza-iradokizun zehatzak agiri batean jasotzeko, gazteen ikuspegitik. Gazte horietako 6 ordezkarik agiri hori aurkeztuko dute Gasteizko jardunaldietan.
Vitoria-Gasteiz, 2024ko urriaren 25a