Herriaren Defendatzaileen Koordinaziorako XXXVII. Jardunaldiak
Defentsa-erakundeen lana administrazio onerako eskubidea sustatzeko
Imanol Pradales lehendakariak eta Bakartxo Tejería Eusko Legebiltzarreko lehendakariak, Ángel Gabilondo herriaren defendatzailearekin eta Manuel Lezertua arartekoarekin batera, gaur goizean hasi dituzte, Gasteizko Villa Suso jauregian, Herriaren Defendatzaileen Koordinaziorako XXXVII. Jardunaldiak, Arartekoak antolatuak.
Bere hitzaldian, Angel Gabilondo Herriaren Defendatzileak honako hau esan du: "Administrazio ona funtsezkoa da bizikidetza demokratikorako, erakundeekiko konfiantzarako, eta herritarren bizitzari eragiten dieten gaiei arreta emateko eta, hala badagokio, horiek ebazteko".
Manuel Lezertua arartekoak berriz, honela definitu du administrazio ona: “administrazio publikoei beren eginkizunak eta eskumenak betetzean arreta handiz jokatzeko ezartzen zaien betebeharra”. Horrela, Lezertuak adierazi du administrazioak jarduten duenean, ezin duela alde batera utzi herritarrenganako hurbiltasunaren printzipioa, jokoan dagoenak eragin zuzena duelako botere publikoa erabiltzearen legitimitatearen pertzepzioan. Esan duenez, “arretaz, gardentasunez eta eraginkortasunez jokatzen duen administrazio-sistema bat beharrezkotzat, fidagarriagotzat, bidezkoagotzat eta legitimoagotzat hartzen dute herritarrek”.
Arartekoaren esanean, “eskubideak defendatzeko erakundeok lanean jarraitu behar dugu, administrazio ona izateko eskubidea defendatzeko, herritarren eta administrazio publikoen arteko harremanetan bermeak hobetzeko egiten dugun lanaren zati gisa”. Eta azpimarratu du: “ibilbide horretan, defendatzaileak laguntzaile bezala, bitartekari bezala ikusi behar dituzte administrazioek, helburu komun hau lortzeko: gure herritarrei zerbitzu publikorik onena eta bidezkoena ematea”.
Inaugurazioaren ondoren, mintzaldiak hasi dira, José Martín Europar Batasuneko Auzitegiko epailearen eta Juli Ponce Bartzelonako Unibertsitateko Administrazio Zuzenbideko katedradunaren ponentziekin.
Egunean barrena, zenbait defentsa-erakundetako ordezkarien eskutik, lehen mahai-inguruan hizpide izango da administrazio onerako eskubidea, administrazio-prozesuaren esparruan. Gero, Rafael Jiménezen sarrerako ponentziaren ostean Ramón Llull Unibertsitateko Konstituzio Zuzenbideko katedraduna bera , beste mahai-inguru batean eztabaidatuko da “administrazio ona herritarrekiko harremanetan”, eskubide sozialetan duen eragina nabarmenduz.
Bihar, asteazkena, mahai-inguru bat izango da, eta bertan Gianluca Esposito Europako Kontseiluko Giza Eskubideen eta Zuzenbide Estatuaren zuzendari nagusiak hartuko du parte.
Jardunaldiei amaiera emateko, bihar 12:30etan, herriaren defendatzaileen adierazpen programatikoa ezagutzera emango dute defendatzaileek.
Vitoria-Gasteiz, 2024ko urriaren 29a