Herriaren defentsa-erakundeen arteko Akordioa, garapen jasangarrirako helburuak eta 2030 Agenda bultzatzeko
Manuel Lezertua arartekoak, Nafarroako arartekoak, Andaluziako herriaren defendatzaileak, Kanarietako diputada del comúnek eta Kataluniako síndica de greugesek lankidetza-akordio bat sinatu dute Nazio Batuen garapen jasangarrirako helburuak eta 2030 Agenda bultzatzeko.
Ekitaldi hori Nafarroako Parlamentuan antolatu zuen bertako arartekoak, Akordioaren sustatzaile denez, eta baliagarria izan da herriaren defendatzaileek garapen jasangarrirako helburuak lortzeko eta 2030 Agenda betetzeko duten konpromisoa ikusgarri egiteko, administrazio publikoen jarduerak ikuskatzeko eta gizon-emakumeen eskubideak babestu eta sustatzeko lana betetzen dutenean.
Nazio Batuen Batzar Nagusiak Garapen Jasangarrirako 2030 Agenda onartu zuen 2015ean. Ekintza-plan bat da, dei unibertsala, pobrezia desagerrarazteko, planeta babesteko eta denontzat oparotasuna ziurtatzeko. Agenda horrek 169 xede ditu, garapen jasangarrirako 17 helburutan multzokatuta; horiek beteko direla bermatu behar da, inor atzean ez uzteko printzipioa bate dadin, berori baita agenda orokor horren funtsezko muina.
Akordio horretan nabarmentzen denez, oso harreman estua dago nazioarteko hitzarmenetan aitortutako giza eskubideen eta garapen jasangarrirako helburuen artean, eta gobernu autonomikoen eta tokikoen esku hartzea ezinbestekoa da garapen jasangarria lortzeko. Hartutako konpromisoen artean, honako hauek gailentzen dira: pobreziarem, gosearen eta desberdintasunaren aurka borrokatzeko premia; pertsona kalteberenei arreta emango zaiela bermatzea; osasun publiko eta unibertsala defendatzea; hezkuntza barneratzaile eta kalitatekoa sustatzea; eta aurrera egitea bai emakumeen eta gizonen berdintasunean, baita haurrak, adin handikoak eta desgaituak babesten ere.
Orobat, azpimarratzen da zein garrantzitsua den ingurumena zaintzea, klima-aldaketaren kontra borrokatzea eta oinarrizko zerbitzuetarako irispidea ziurtatzea. Era berean, lan-baldintzak hobetzea, etxebizitzarako eskubidea bermatzea eta hiri jasangarriak bultzatzea aldezten da. Akordioak konpromisoa indartzen du justiziarekin, herritarren parte-hartzearekin eta erakundeen eta gizarte zibilaren arteko lankidetzarekin.
Akordio hori sinatuz, Arartekoak sendotu egin du Garapen Jasangarrirako 2030 Agendarekin duen konpromisoa, zeina defentsa-erakundeek pertsonen eskubideen bermatzaile gisa duten zereginarekin lotzen baita. Akordioa sinatu ondoren, defendatzaileek adierazpen instituzional bateratua argitaratu dute.
Vitoria-Gasteiz, 2025eko maiatzaren 14a