Herritarrengandik hurbilago egongo den administraziorantz aurrera egiteko tresnak

Arartekoak argitara eman ditu Donostian irailean egin zen XL. Uda Ikastaroko ponentziak eta materialak

Argitalpen horretan bildu dira EHUren XL. Uda Ikastaroen barruan Arartekoak Donostiako Carlos Santamaria zentroan joan den irailean antolatu zuen ikastaroan aurkeztutako ponentziak.

Administrazio publikoak erabateko zentzua lortzen du herritarrei egiten dien zerbitzuan. Horregatik, Sektore Publikoko Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legeak, 3. artikuluan, honako hauek ezartzen ditu beren jardueran bete beharreko printzipioen artean: herritarrei zerbitzu eraginkorra egitea, sinpletasuna, argitasuna eta pertsonekiko hurbiltasuna, edo administrazio publikoen arteko lankidetza, laguntza eta koordinazioa.

Horregatik, ezinbestekoak dira zerbitzu publikora bideratutako kudeaketa, informazio argia eta gardena, bide desberdinen bitartez emana eta pertsonen bereizgarrietara egokitua.

Administrazioaren eta gizartearen beraren digitalizazioa esponentzialki ari da aurrera egiten. Horretarako, berriztatu egin behar dira administrazioak berak eta beraien lan-prozesuak, inor baztertuko ez duen zerbitzu azkarra, eraginkorra eta enpatikoa egiteko eta pertsona batzuen arrakala digitala gainditzeko neurriak hartzeko, izan ere, pertsona horiek, arrazoi ekonomikoak edo gaitasunezkoak direla medio, ezin dituzte bitarteko horiek eskuratu. Horrela, bazterketa digitala eta horren ondorioak saihestuko dira.

Herritarren beharrei erantzun egokia emate aldera, administrazio publikoak hainbat tresna erabili behar ditu modu proaktiboan. Arartekoaren uda ikastaro honen helburua zen horretarako tresna batzuk aztertzea, ahalik eta jarduerarik onenak gauza daitezen.


Vitoria-Gasteiz, 2022ko martxoaren 3a


Lotutako dokumentazioa

Herritarrengandik hurbilago egongo den administraziorantz aurrera egiteko tresnak