Ijito Herriaren Nazioarteko Eguna dela eta, Arartekoaren erakunde-adierazpena
Apirilaren 8a
Etxebizitza funtsezko zutabea da ijito herriaren eskubideak gauzatzea eta berorrek gizartean, lanean eta ekonomian erabat parte hartzea bermatzeko
Nazioarteko egun hau ospatzea aukera ona da euskal gizarteak ijito herriaren berdintasuna, duintasuna eta eskubideak sustatzen duen konpromisoa adierazteko. Era berean, aukera ona da bere historia, kultura eta gizarteari egindako ekarpenak hobeto ezagutzeko. Hala ere, ez dugu ospakizun hau pasatzen utzi behar ijito askok, gaur egun ere, nozitzen dituzten diskriminazio-modu anitzen kontra ahotsa altxatu gabe.
“Ijito Herriarekiko Euskal Estrategia 2022-2026” delakoan, berariazko ekintza-lerro batzuk ezartzen dira hezkuntzan, etxebizitzan, osasunean, enpleguan eta antigitanismoaren aurkako borrokan. Funtsezko esparru positiboa da ijito herriari eragiten dioten desberdintasunei aurre egiten laguntzeko, eta politika publiko eraginkor eta partaidetuetan gauzatu beharko da, betiere diskriminazioaren aurkako, kulturen arteko errespetuaren aldeko eta genero-berdintasunaren aldeko ikuspegia mantenduz.
Testuinguru horretan, nahitaez nabarmendu behar da ijitoen komunitatearen zati handi batek zailtasunak izaten dituela bizitoki duina eskuratzeko. Higiezinen merkatuko diskriminazio zuzenak eta zeharkakoak, egiturazko prekarietate ekonomikoarekin batera, larriki mugatzen du etxebizitza eskuratzea, eta eragotzi egiten du ijitoen familiek beren eskubideak benetan gauzatzea.
Etxebizitza eskuratzea euskal gizartearen zati handi batentzat arazoa den arren, ijitoek are biziago pairatzen dute arazo hori, zailtasun bereziak baitituzte bizitoki bat lortzeko. Askotan, zaurgarritasun-egoera beretsuan dauden beste familia batzuek beren baitan hartu behar izaten dituzte edo bizileku informaletan bizi behar izaten dute, baita ibilgailuetan ere, nahiz eta, sarritan gertatzen den bezala, beraien kideen artean adinagatik edo osasunagatik arreta berezia behar duten pertsonak egon.
Beraz, Arartekoari beharrezkoa iruditzen zaio egun honetan berriz adieraztea etxebizitza duina izateko eskubidea errespetatzea aurretiazko baldintza dela, funtsezko zutabea, beste giza eskubide asko gauzatzea bermatu ahal izateko, besteak beste, ijitoen komunitateko kideek Euskadiko gizarte-, lan- eta ekonomia-bizitzan erabat parte hartzeko duten eskubidea, bai belaunaldi honetan, bai datozen belaunaldietan ere.
Vitoria-Gasteiz, 2025eko apirilaren 7a