Lagundu gabeko haur eta nerabeak babesteko zerbitzuak Europan

Arartekoak egindako azterlana, Ombudsmanaren Nazioarteko Institutuaren (IOI) Europako sailak hala eskatuta

Bakarrik dauden haur eta nerabe atzerritarrak, gaur egun, migrazioaren erronka nagusietako bat dira Europako gizarteentzat eta administrazio publikoentzat.

Hala ere, ume horiei harrera egin eta ostatu ematearen erronka ez da, soil-soilik, beraien oinarrizko eskubideak eta funtsezko beharrak (elikagaiak, etxebizitza, osasun-arreta, laguntza juridikoa, e.a.) bermatzea, baizik eta askoz ere gehiago. Europako agintariek eta agintari nazionalek datozen urteotan gainditu behar duten benetako erronka hauxe da: haur horiek gizarteratzea, harrera-erkidegoetan parte hartzea, adin nagusitasunera igarotzea edo etorkizunean enplegua eskuratu ahal izatea.

Txostena egun hauetan egin den Ombudsmanaren Nazioarteko Institutuaren (IOI) Mundu-konferentzian aurkeztu dute. Bertan, etorkizun handiko hainbat jarduera aukeratu eta bildu dira, bakarrik dauden haur eta nerabe atzerritarrak babestearen arloan.

Txostena prestatzeko, Arartekoak zehatz-mehatz laburtu zituen arlo horretako nazioarteko erakunde ospetsuenek (Haurren Eskubideen Batzordea, Nazio Batuetako agentziak, Europako Kontseilua edo Europar Batasuneko agentziak) finkatu dituzten nazioarteko estandarrak, estandar horietara zein jarduera egokitzen ziren jakin ahal izateko.

Geroago, lankidetzan aritu zen IOIn eta Haurren Defentsa-erakundeen Europako Sarean (ENOC) sartuta dauden Europa osoko zenbait defentsa-erakunderekin, bakarrik dauden haur atzerritarrak babesteko orduan estatuek eta eskualdeek nola jarduten duten jakiteko.

Txostenak ardatz ditu zeharkako gaiak (haurrek entzunak izateko duten eskubidea, edo horiekin esku hartzen duten langileen prestakuntza), harrerako lehen faseak (mugara iristea, adina zehaztea) eta harreraren ondorengo etapak (hezkuntza edo osasun zerbitzuak jaso ahal izatea).

Azterlanari esker, bakarrik dauden haur eta nerabeak babesteari buruzko estandarren zerrenda lortzen da; estandar horiek arlo horretan nazioartean dauden gidalerroetan oinarrituta egin dira. Gainera, administrazioen eta herriaren defendatzaileen jarduera multzo zabala eskaintzen du; jarduerok ontzat jo daitezke.

Ondorio nagusien artean, hauxe azpimarra daiteke: egiaztatu denez, bakarrik dauden haur eta nerabe atzerritarrek arreta hobea jasotzen dute haur edo nerabe izatea migrazioarekin lotutako egoera administratiboaren gainetik lehenesten den estatu eta eskualdeetan (Euskadi, kasu), erregularizazio administratiboaren mende jartzen den tokietan baino.

Gainera, ahalegin handiagoa egin behar da laguntzarik gabeko haur eta nerabeek arlo guztietan adituak izateko duten eskubidea bermatzeko.

Estatuek gehiago ahalegindu behar dute bakarrik dauden haur eta nerabeekin zuzenean nahiz zeharka harrera arloan diharduten profesional guztiek beharrezko prestakuntza egokia jaso dezaten.

Eragile garrantzitsuen artean informazioa partekatu eta bidaltzeko prozesuak arazo praktiko handiak sortzen ditu oraindik ere, eremu nazionalean nahiz nazioartean, eta, beraz, erronka garrantzitsua izaten jarraitzen du. Herriaren defentsa-erakundeek eta haurren eskubideak babesteko erakundeek esku hartu behar izateak akats bat dagoela berresten du, zuzendu beharrekoa, eta nabarmentzen du estatuek elkarri isilpeko informazioa bizkor eta eraginkortasunez bidaltzeko eta elkarlanean aritzeko moduak aurkitu behar dituztela.

Ahalegin handiagoa egin behar da harrera-herrialdera iristeko unean tutoretza eta/edo legezko ordezkaritza azkar esleituko direla bermatzeko eta bakarrik dauden haurren gaineko prozedurak lehenesteko.

Arazo psikologikoak dituzten eta/edo indarkeriaren, abusuen eta abarren biktima izan diren laguntzarik gabeko haurrek buru-osasuneko eta errehabilitazioko zerbitzuak jasoko dituztela bermatzen saiatu behar dute, behin eta berriz, estatuek.

Laguntza-egiturak sortu behar dira tutoreentzat, horiei laguntza, aholkuak, ezagupenak eta gaitasunak emateko, beharrezkoa denean.

Estatuen politiketan, funtsezko helburua bilakatu behar du bakarrik dauden haurren egoera administratiboa erregularizatzeak, adin txikikoak diren (eta artatuak izaten ari diren) bitartean, baita adinez nagusi izatean ere.

Azkenik, aztertu beharko litzateke ea bakarrik dauden haurrak, adinez nagusi izatean, jaso ahal izan ditzaketen gizarte-politikak (hezkuntza, osasun-arreta, zerbitzu ekonomiko eta sozialak, e.a.), baita ere banakako laguntzarako eta jarraipenerako neurriak.

Txosten horren osagarri dira Herbehereetako eta Greziako Herriaren Defendatzaileek egin dituzten txostenak, honako gai hauek jorratzeko: asilo-eskatzaileak eta errefuxiatuak gizarteratzea, mugako prozedurak eta atzerritarrak itzultzea. Hiru defentsa-erakundeak lankidetzan aritu ziren lan hau aurrera ateratzeko, Ombudsmanaren Nazioarteko Institutuaren Europako Sailaren esparruan.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko maiatzaren 28a


Lotutako dokumentazioa

Lagundu gabeko haur eta nerabe atzerritarrak babesteko zerbitzuak Europan Herbehereetako Herriaren Defendatzailearen txostena Greziako Herriaren Defendatzailearen txostena 2 Greziako Herriaren Defendatzailearen txostena 1