Lanbidek kontuan hartu ditu Arartekoaren gogoetak, eta prestazio ekonomikoak amaitu zizkion ama baten kasua berraztertzea onartu du

Bere seme adingabearekin guraso bakarreko familia osatzen duen emakume batek Arartekora jo zuen, izan ere, Lanbidek jakinarazi zion diru-sarrerak bermatzeko errenta (DSBE) eta etxebizitzarako prestazio osagarria (EPO) etenda mantenduko zizkiola, gero bi prestazio horiek amaituko zizkiola eta urtebetean ezingo zituela berriz eskatu. 

Hasierako prestazio-etetea arrazoi hauengatik mantendu zen: administrazioaren aurrean ez agertzeagatik eta, eskatu zitzaionean, hari ez laguntzeagatik; eta, Lanbideren esanean, erakunde publiko horrek galdegin zizkion agiriak ez emateagatik. Prestazioaren bi urteko indarraldian baldintzak ez betetzeagatik bi etete izan zituelako amaitu zizkioten geroago prestazioak.

Kexa aztertu ostean, Arartekoak ondorioztatu zuen bi prozedura horiek egoera desberdinei erantzuten zietela. Hau da, ezin dira parekatu, alde batetik, prestazioak amaitzeko erabaki bat, DSBE/EPO prestazioen onuradun gisa betebehar bat bete ez dela ikusi ondoren; eta, bestetik, etendako prestazioari berriz ekitea ukatzen duen prozedura bat, DSBEa jasotzeko eskubidea etenda mantentzea erabakitzen duena. 

Gainera, egiaztatu zen kexagileak bete zuela administrazioaren aurrean agertzeko eta Lanbideri laguntzeko betebeharra, hala eskatu zitzaionean. Eta prestazioa etenda mantentzeko erabakian adierazitako lau agiriak ez aurkeztu izanari buruz, Arartekoak egiaztatu zuen kexagileak frogatu zuela administrazio-errekurtsoaren fasean haietatik hiru aurkeztu zituela.

Lanbidek Arartekoari jakinarazi dio kontuan hartu dituela bere gogoetak eta onartu duela gomendioa. Beraz, berriz aztertuko du eragindako aldia, kexagileak jaso beharko zituzkeen DSBE/EPO zenbatekoak ordaintzeko aukera aztertzeko.

Vitoria-Gasteiz, 2023ko ekainaren 6a