Skip to main content
  • Manuel Lezertua arartekoa Eusko Legebiltzarreko Erakunde, Gobernantza Publiko eta Segurtasunaren Batzordearen aurrean agertu da ekarpenak egiteko Euskadiko gardentasunaren lege-proiektuaren inguruan

    ARARTEKOAREN INTERBENTZIOA

    Vitoria-Gasteiz, 2025eko maiatzaren 21a

  • Herritar batek bere birraitonari buruzko datuetarako sarbidea eskatu zion Gipuzkoako Foru Aldundiko Zaintza eta Gizarte Politiketako Sailari. Birraitona ongintzazko erakunde batean hartutako ume abandonatua zen, XIX. mendean jaioa. Herritarraren lehen eskaera, 2023an egina, ez zen onartu, jatorri biologikoetarako sarbideari buruzko araudian ezarritako baldintza ez betetzeagatik. Bigarren eskaeran, interesdunak bidezko interesa alegatu zuen eta indargabetuta zegoen Haurrak Zaintzeko eta Babesteko Legearen artikulu batean oinarritu zen. Administrazioak berriro ukatu zion sarbidea, ebazpen-itxurarik gabeko eta errekurtsoen berri ematen ez zuen jakinarazpen baten bidez.

    Jasotako kexa zela medio, Arartekoak informazioa galdegin zion aldundiari, eta horren antzeko kasu batean azaldutako argudioak aurreratu zizkion. Aldundiak berriro adierazi zuen ez zegoela berrikuntza normatibo edo faktikorik erabaki berri bat justifikatzeko, eta ezin zitekeela aplikatu jatorri biologikoetarako sarbideari buruzko araudia. Gaineratu zuenez, 2/2024 Lege berriak, eskaera egin zenean indarrean ez zegoen arren, baieztatuko zuen eskubide hori pertsona adoptatuek bakarrik dutela, ez beraien ondorengoek. 

    Bere ebazpenean, Arartekoak uste du eskaera hori bestelako arau-esparru baten arabera aztertu behar dela. Bereizi egin ditu, alde batetik, datuak babesteko araubidea eta jatorri biologikoetarako sarbideari buruzkoa, eta, bestetik, balio historikoko dokumentuak eskuratzeko araubide orokorra. Eskaeran aipaturiko pertsona duela 140 urte baino gehiago jaio zenez gero, hiltzat jo daiteke, eta administrazioak gordetako dokumentuen balio historikoak dokumentu-ondareari buruzko araudi espezifikoa aplikatzera garamatza. 

    Horrela, 5/2022 Legea aipatzen da, Euskadiko Dokumentu Kudeaketa Integralarena eta Dokumentu Ondarearena, zeinak ezartzen baitu berrogeita hamar urtetik gora dituzten titulartasun publikoko dokumentuak dokumentu-ondarearen parte direla, arau horretan aurreikusitakoaren arabera kontserbatu behar direla eta eskuragarriak izan behar dutela.  

    Dokumentazio hori lortzeko eskubideak ez du exijitzen norberaren interesa egiaztatzea, ez dago inolako motibazioren mende, eta berariaz aurreikusitako kasuetan soilik murriztu daiteke, adibidez, duela 25 urte baino gutxiago hildako pertsonen datu bereziki babestuak baldin badaude edo informazio sailkatua bada, komertzialki kontuzkoa edo intimitateari eragiten diona. 

    Laburbilduz, ebazpenean adierazten denez, dokumentazioa duela 140 urte baino gehiago sortu bazen eta administrazio publiko batek kontserbatu badu, artxibo-araudian aurreikusitako kontserbazio-, kudeaketa- eta sarbide-araubidearen mende egon behar du.

    Gainera, Arartekoak azaltzen du dokumentazio hori, bere antzinatasunagatik, agian jada ez dagokiola Zaintza eta Gizarte Politiketako Sailari, baizik eta artxibo historiko eskudunari eskualdatuta egon beharko lukeela. Dokumentazio hori kudeatu eta zaintzeko ardura Kultura Sailak izango luke, foru-araudian aurreikusitako dokumentuen bizi-zikloaren arabera. Horren haritik, iradokitzen du balioetsi dezala Dokumentazioa Ebaluatu eta Hautatzeko Foru Batzordeak esku hartzeko aukera, dokumentazioaren balio historikoa kontuan izanda, behin betiko kontserbatu ala ezabatu behar den erabakitzeko.

    EBAZPENA

    Vitoria-Gasteiz, 2025eko maiatzaren 20a
     

  • Maiatzaren 7an, Arartekoaren haurren eta nerabeen bulegoko eta berdintasuneko bi teknikari Irungo La Salle ikastetxean izan ziren batxilergoko ikasle talde bati Arartekoaren "Jarrera matxistak Euskadiko nerabeen eta gazteen artean" azterlana aurkezteko. Arartekoa ikastetxean egoteak ikasle talde batengandik zuzenean jasotako eskaerari erantzuten zion. Ikasle horiek, gure gizartean eragina duten arazoei eman beharreko erantzunei buruz hausnartzeko proiektu baten esparruan, Arartekoari helarazi zioten erakundeak, giza eskubideen ikuspegitik, emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan egiten duen lana aurkezteko nahia.


    Arartekoaren hitzaldian, azterlanaren aurkikuntza eta gomendio nagusiak partekatu ziren, emakumeen eta gizonen berdintasunaren defentsari eta diskriminazioaren aurkako borrokari dagokienez. Nolanahi ere, hitzaldiak Arartekoak gazteen artean egindako lana ezagutarazteko eta ikasleak nerabe gisa aitortuta dituzten eskubideei eta eskubide horiek baliatzearen garrantziari buruz sentsibilizatzeko balio izan zuen.

  • Arartekoak Arabako Foru Aldundiko Ogasun, Finantza eta Aurrekontu Sailari gomendatu dio ken dezala berariazko programa informatikoa erabiltzeko derrigortasuna ondare-eskualdaketen eta egintza juridiko dokumentatuen gaineko zergaren autolikidazioak egiteko, aurrez aurre aurkezten badira. Izan ere, herritar bat kexu zen, informatika-ezagupenik eta baliabide teknikorik ez zeukanez gero, ezin izan zuelako izapide hori bete administrazioaren laguntzarik gabe.

    Arartekoaren ustez, aurrez aurreko izapideetan tresna digital bat soilik erabil dadila agintzeak urratu egiten du pertsona fisikoek administrazioarekin harremanak izateko bidea aukeratzeko duten eskubidea. Gainera, ohartarazten du foru-agindu batek ezin duela eskubiderik murriztu berariazko lege-gaikuntzarik izan gabe, eta administrazioek irizpide objektibo eta egiaztagarrien bidez justifikatu behar dutela bitarteko elektronikoak erabiltzeko derrigortasun oro.

    Aztertutako kasuan, herritarrak programa informatiko bat jarri beharra zeukan bere ordenagailuan, edo ordenagailu publiko bat erabili, laguntza pertsonalizaturik gabe. Hortaz, Arartekoak ondorioztatu zuen ez zirela bermatu irisgarritasun-baldintza egokiak. Era berean, ebazpenean administrazio onaren printzipioa aipatzen du, eta arrakala digitalaren ondorio diskriminatzaileez ohartarazten du, baldin eta ordezko bide eskuragarririk edo euskarri nahikorik eskaintzen ez bada.

    Arartekoak nabarmendu du administrazio publikoek beren arreta-ereduen erdigunean jarri behar dituztela herritarrak, eta legezkotasunaren, irisgarritasunaren, doakotasunaren eta diskriminaziorik ezaren printzipioak beteko dituzten bideak bermatu behar dituela, aurrez aurrekoak nahiz digitalak. Arartekoak gogorarazi du pertsona askok, batez ere adin handikoak edo prestakuntza digital eskasa dutenak, baztertuta gera daitezkeela beraien premia bereziak kontuan hartzen ez badira.

    EBAZPENA

    Vitoria-Gasteiz, 2025eko maiatzaren 14a

  • Manuel Lezertua arartekoak, Nafarroako arartekoak, Andaluziako herriaren defendatzaileak, Kanarietako diputada del comúnek eta Kataluniako síndica de greugesek lankidetza-akordio bat sinatu dute Nazio Batuen garapen jasangarrirako helburuak eta 2030 Agenda bultzatzeko.
  • Batzordeak eskatuta, Manuel Lezertua arartekoaren agerraldia, azaltzeko zer analisi egiten duen 2022, 2023 eta 2024. urteetan etxebizitzaren arloan Eusko Jaurlaritzaren eta Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioen funtzionamenduaren gaineko kexei edo ofizioz egindako beste ikerketa batzuei buruz.

     

    ARARTEKOAREN INTERBENTZIOA

  • Barne-antolaketa dela eta, 2025eko maiatzaren 7an, asteazkena, Gasteizko bulegoa itxita egongo da 10:00etatik aurrera, eta Bilbo eta Donostiako bulegoak itxita egongo dira egun osoan. Barkatu eragozpenak
-
Vitoria-Gasteiz

“Legeen geroa-El Futuro de las leyes” mintegia

Eusko Legebiltzarrak eta Arartekoak mintegi bat antolatu dute elkarrekin, “Legeen geroa-El Futuro de las leyes” zikloaren barruan. 2023ko ekainaren 12an eta 13an egingo da euskal Ganberan.

Bi erakundeek hausnarketa-gune bat prestatu dute, bi egunetan barrena, egindako ibilbidea aztertzeko eta nazioarteko eremuan ere tresna batzuk  partekatzeko. Izan ere, herriaren defentsa-erakundeak tresna horiek eskuratzen aritu dira, herritarren eskubideak defendatzeko helburua betetzen jarraitu ahal izateko.

Bertan izango dira herriaren defendatzaileak, defendatzaile ohiak eta Eusko Legebiltzarreko ordezkariak; horrez gain, egitarauan sartuta daude beste aditu batzuk ere, eremu akademikotik datozenak. 

Ponentzien bideoak Eusko Legebiltzarraren web orrian

Mintegian parte hartu duten ararteko eta ararteko ohien taldeari harrera egin dio lehendakariak

Kokalekua:
Vitoria-Gasteiz