Manuel Lezertua arartekoa Estrasburgora joan da bisitan, Europako Kontseiluko agintariekin elkartzera, aitzindariak baitira giza eskubideak babestu eta sustatzeko lanean
Topaketen helburua da Europako Kontseiluaren eta Europako defentsa-erakundeen arteko lankidetza-gune bat sortzeko ekimenari jarraipena ematea, Veneziako Printzipioak ezartzearen inguruan, printzipio horiek Ombuds erakundeen jardunerako erreferentziako parametrotzat hartuta.
Urriaren 17an eta 18an, Manuel Lezertua arartekoa Estrasburgora joan da Europako Kontseiluko agintariekin elkartzera, aitzindariak baitira giza eskubideak babestu eta sustatzeko lanean. Bisita horretan, Arartekoko ordezkariekin batera, Herbehereetako Defentsa-erakundeko ordezkariak izango dira.
Bisita horren bidez, Arartekoak jarraitutasuna eman nahi die Europako Kontseiluaren eta Europako defentsa-erakundeen artean lankidetza-gune bat sortzeari buruz hausnartzeko 2023an hasi ziren ahaleginei, erakunde horien jardunean Veneziako Printzipioak ezarri eta sendotzea dela eta. Orobat, topaketa hauen bitartez harremanak izan nahi dira Europako Kontseiluko beste eragile batzuekin, sinergiak sortzeko eta giza eskubideak babestearen inguruan lankidetza-bide berriak ezartzeko.
Horrela, Manuel Lezertua arartekoaren lehen bilera Europako Kontseiluko Gutxiengo nazionalen eta hizkuntza gutxituen dibisioko ordezkariekin izango da. Haiekin jorratuko da Espainiari buruzko ebaluazio-txostena, Eskualdeetako edo Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Gutuneko Adituen Batzordeak berriki egindakoa, euskararen egoerari heltzeko.
Ondoren, arartekoak elkarrizketa izango du Delphine Freymannekin, Veneziako Batzordeko idazkari ondokoa baita, Veneziako Printzipioak Europan ezartzearen inguruko esperientziak ezagutzeko eta, Veneziako Printzipioen gainean, Europako Kontseiluaren eta defentsa-erakundeen artean lankidetza-gune bat sor daitekeen aztertzeko.
Lezertua Gianluca Espositorekin ere elkartuko da, Europako Kontseiluko Giza Eskubideen eta Zuzenbide Estatuaren zuzendari nagusia bera, Kontseiluaren eta defentsa-erakundeen artean lankidetza-formulak jorratzeko eta informazioa biltzeko Europako Kontseiluak giza eskubideen arloan dituen lehentasun berriei buruz.
Gainera, arartekoak Abel Campos Giza Eskubideen Europako Auzitegiko erregistroko ondokoarekin hitz egiteko asmoa du, Arartekoak Euskadin giza eskubideen arloan egiten duen sentsibilizazio- eta hedadura-lana ezagutarazteko eta defentsa-erakundeentzat garrantzitsuak diren kasuei buruzko informazioa trukatzeko.
Azkenik, Lezertua Michael O’Flahertyrekin bilduko da, Europako Kontseiluko Giza Eskubideen komisarioa baita, defentsa-erakundeen posizioa eta giza eskubideak babesteko duten eginkizuna indartzeko aukera berriak aztertzeko asmoz, Veneziako Printzipioen aplikazioan oinarrituta.
Vitoria-Gasteiz, 2024ko urriaren 17a