Manuel Lezertuak uko egin dio ararteko karguari
Inés Ibáñez de Maeztu Izaguirre -orain arte bere ondokoa- izango da jarduneko arartekoa Eusko Legebiltzarrak titular berria aukeratu arte
Manuel Lezertua Rodríguezek gaur uko egin dio Eusko Legebiltzarreko Mahaiaren aurrean Euskal Autonomia Erkidegoko ararteko karguari, 10 urteko agintaldiaren ondoren.
Bilbon jaioa, Lezertua Zuzenbidean lizentziaduna da eta legeetan masterra egin zuen Londreseko Unibertsitatean. Eusko Jaurlaritzako teknikari bezala hasi zuen bere karrera profesionala, eta gero Estrasburgora joan zen, Giza Eskubideen Europako Auzitegiko legelari gisa lan egitera. Konstituzio Auzitegiko legelari ere izan da. Europako Kontseiluko finantza-kriminalitatearen aurkako borrokaren alorreko buru izan zen, baita erakunde horretako aholkulari juridiko ere.
Erakundearen buruzagitzan, berriz, helburutzat izan du erakundea giza eskubideak eta askatasunak defendatzen erreferente moduan finkatzea eta, euskal administrazio publikoen eremuan, araudia gizatasunez aplikatzea, pertsonen (batez ere ahulenen) inguruabarren arabera interpretatuz.
Karguaz jabetu zenetik, Lezertuak apustu irmoa egin zuen, joera estrategikokoa, erakundeari dimentsio europarra eta nazioartekoa ematearen alde eta Arartekoak beste eskubide-defendatzaile batzuekin eta giza eskubideak babesteko Europako eta nazioarteko erakunde aldeaniztunekin harremana sendotzearen alde.
Inés Ibáñez de Maeztu Izaguirre Geografia eta Historian lizentziaduna da eta gizarte-hezitzaile izateko gaikuntza profesionala du.
Bere ibilbide profesionala adingabeekin hasi zuen, 1985. urtean: jarduera pedagogikoko zereginak bete zituen zentzatzeko bidean zeuden adingabeekin, bai gizarte-arloan, bai adingabeentzako zentroetan. Aldi hori garrantzitsua izan zen legearekin gatazkan dauden adingabeen eskubideak aitortzera bideratutako legedian eta politika publikoetan aurrera egiteko, gizarte- eta hezkuntza-arloan esku-hartzeko eredu berriak bultzatuz eta finkatuz, eta bi eremu bereiziz: zentzatzea eta babestea.
Gizarte-hezitzaile eta bitartekari lanetan, Euskadiko adingabeen epaitegietan diseinatu eta barneratu ziren lehenbiziko lantalde teknikoetako partaide izan zen. Hezitzaile eta bitartekari izan da Bilboko lantalde psikosozial judizialean, eta lantalde teknikoko hezitzaile Gasteizko Adingabeen Epaitegian eta Pontevedrako Adingabeen Zentroan.
Giza Eskubideen zuzendari kargua bete du Eusko Jaurlaritzan (2009-2013). 2011. urtean EAErako Giza Eskubideen Defendatzaileen Programa abiarazi zuen, giza eskubideak defendatzeagatik mehatxuak jasotzen zituzten giza eskubideen arloko ekintzaileentzat.
2021eko martxoan, Inés Ibáñez de Maeztuk arartekoaren ondokoaren kargua hartu zuen, Manuel Lezertuak proposatuta. Horrek karguari uko egin ostean, Inés Ibáñez de Maeztuk beteko du jarduneko arartekoaren kargua, Eusko Legebiltzarrak titular berria aukeratu arte.
Vitoria-Gasteiz, 2025eko ekainaren 10a