Herritar batek bere birraitonari buruzko datuetarako sarbidea eskatu zion Gipuzkoako Foru Aldundiko Zaintza eta Gizarte Politiketako Sailari. Birraitona ongintzazko erakunde batean hartutako ume abandonatua zen, XIX. mendean jaioa. Herritarraren lehen eskaera, 2023an egina, ez zen onartu, jatorri biologikoetarako sarbideari buruzko araudian ezarritako baldintza ez betetzeagatik. Bigarren eskaeran, interesdunak bidezko interesa alegatu zuen eta indargabetuta zegoen Haurrak Zaintzeko eta Babesteko Legearen artikulu batean oinarritu zen. Administrazioak berriro ukatu zion sarbidea, ebazpen-itxurarik gabeko eta errekurtsoen berri ematen ez zuen jakinarazpen baten bidez.
Jasotako kexa zela medio, Arartekoak informazioa galdegin zion aldundiari, eta horren antzeko kasu batean azaldutako argudioak aurreratu zizkion. Aldundiak berriro adierazi zuen ez zegoela berrikuntza normatibo edo faktikorik erabaki berri bat justifikatzeko, eta ezin zitekeela aplikatu jatorri biologikoetarako sarbideari buruzko araudia. Gaineratu zuenez, 2/2024 Lege berriak, eskaera egin zenean indarrean ez zegoen arren, baieztatuko zuen eskubide hori pertsona adoptatuek bakarrik dutela, ez beraien ondorengoek.
Bere ebazpenean, Arartekoak uste du eskaera hori bestelako arau-esparru baten arabera aztertu behar dela. Bereizi egin ditu, alde batetik, datuak babesteko araubidea eta jatorri biologikoetarako sarbideari buruzkoa, eta, bestetik, balio historikoko dokumentuak eskuratzeko araubide orokorra. Eskaeran aipaturiko pertsona duela 140 urte baino gehiago jaio zenez gero, hiltzat jo daiteke, eta administrazioak gordetako dokumentuen balio historikoak dokumentu-ondareari buruzko araudi espezifikoa aplikatzera garamatza.
Horrela, 5/2022 Legea aipatzen da, Euskadiko Dokumentu Kudeaketa Integralarena eta Dokumentu Ondarearena, zeinak ezartzen baitu berrogeita hamar urtetik gora dituzten titulartasun publikoko dokumentuak dokumentu-ondarearen parte direla, arau horretan aurreikusitakoaren arabera kontserbatu behar direla eta eskuragarriak izan behar dutela.
Dokumentazio hori lortzeko eskubideak ez du exijitzen norberaren interesa egiaztatzea, ez dago inolako motibazioren mende, eta berariaz aurreikusitako kasuetan soilik murriztu daiteke, adibidez, duela 25 urte baino gutxiago hildako pertsonen datu bereziki babestuak baldin badaude edo informazio sailkatua bada, komertzialki kontuzkoa edo intimitateari eragiten diona.
Laburbilduz, ebazpenean adierazten denez, dokumentazioa duela 140 urte baino gehiago sortu bazen eta administrazio publiko batek kontserbatu badu, artxibo-araudian aurreikusitako kontserbazio-, kudeaketa- eta sarbide-araubidearen mende egon behar du.
Gainera, Arartekoak azaltzen du dokumentazio hori, bere antzinatasunagatik, agian jada ez dagokiola Zaintza eta Gizarte Politiketako Sailari, baizik eta artxibo historiko eskudunari eskualdatuta egon beharko lukeela. Dokumentazio hori kudeatu eta zaintzeko ardura Kultura Sailak izango luke, foru-araudian aurreikusitako dokumentuen bizi-zikloaren arabera. Horren haritik, iradokitzen du balioetsi dezala Dokumentazioa Ebaluatu eta Hautatzeko Foru Batzordeak esku hartzeko aukera, dokumentazioaren balio historikoa kontuan izanda, behin betiko kontserbatu ala ezabatu behar den erabakitzeko.
EBAZPENA
Vitoria-Gasteiz, 2025eko maiatzaren 20a