ARARTEKO ERAKUNDEA HAURREN DEFENTSA-ERAKUNDEEN EUROPAKO SAREKO (ENOC) KIDE

Egunotan, Haurren Defentsa-erakundeen Europako Sarearen (ENOC) 21. urteko biltzarra ospatzen ari da Helsinkin. Arartekoa sare horretan sartu berria da.

Finlandiako Haurren Defentsa-erakundeak antolatuta, aurten honako hau aukeratu dute lanerako gaitzat: "Harremanen eta sexualitatearen arloko heziketa: haurrek informazioa jasotzeko duten eskubidea gauzatzea". Biltzar hori elkartzeko eta hausnartzeko gunea da eta Europako hainbat herrialdetan bizitako esperientziak ezagutzea ahalbidetzen du. Orobat, laneko egitarauan sartu da Helsinki inguruko ikastetxe eta haurtzaindegi batzuk bisitatzea.

Haurren Defentsa-erakundeen Europako Sarea (ENOC) 1997an sortu zen eta, gaur egun, Europako 34 herrialdetako haur eta nerabeen eskubideak babesteko 42 erakunde hartzen ditu bere baitan. Honatx bere helburu nagusiak:

· Haurren Eskubideei buruzko Hitzarmena ezar dadin sustatzea
· Taldeko ekintzari sostengua ematea, Europako herrialdeetako politika publikoetan haur eta nerabeen eskubideak kontuan har daitezen
· Informazioa, ikuspegiak eta estrategiak partekatzea
· Haur eta nerabeentzat eraginkorrak diren bulego burujabeak gara daitezen bultzatzea.

Alabaina, haur eta nerabeen eskubideez arduratzen diren erakundeek ezin dute beren lana bete haien hitzik gabe. Horregatik, 2010ean, ENYA -European Network of Young Advisors- deritzan proiektua abiarazi zen, ENOCen jardueran haur eta nerabeen partaidetza bultzatzeko. Horrela, haur eta nerabeei aukera ematen zaie entzunak izateko eta beren iritzi eta proposamenak beren herrialdeetatik beretatik harago ezagutarazteko.

Vitoria-Gasteiz, 2017ko irailaren 19a