Arartekoak EEEri gomendatu dio auto elektrikoa kargatzeko puntu bat instalatzeko laguntza baten ukapena ezeztatu dezala, baina EEEk uko egin dio

Pertsona batek Arartekora jo zuen azaltzeko Energiaren Euskal Erakundeak (EEE) ukatu egin ziola Mugikortasun Eraginkor eta Jasangarria sustatzeko pizgarri-programaren (MOVES III) barruan auto elektrikoa kargatzeko puntu bat instalatzeko laguntza.

2022ko irailean pertsona horrek laguntza-eskaera bat aurkeztu zuen, Bilboko bizitegi-eraikin bateko garajean banakako ibilgailu bat kargatzeko puntu bat jartzeko. Hilabete geroago, EEEk ukatu egin zion, jo baitzuten betekizunak ez zituela betetzen. Zehazki, laguntza hori ukatzeko emandako arrazoia zen ibilgailu elektrikoak kargatzeko instalazioa ez dela ibilgailu elektrikoa kargatzeko sistema bat.

2023ko azaroan, kexagileak berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu zuen, eta alegatu zuen instalazioak bete egiten zituela deialdiaren oinarrietan jasotako baldintza guztiak, eta ibilgailu elektrikoa kargatzeko puntua zela. Hilabete batzuk geroago, EEEk berraztertzeko errekurtsoa ezestea erabaki zuen, interpretatu baitzuen laguntza-programaren oinarriak ibilgailu elektrikoak elikatzeko sistema espezifikoetara bideratuta zeudela eta kanpo uzten zituztela karga-sistema sinpleak, hala nola eskatzailearena. 

Arartekoak laguntzeko eskatu zion EEEri, eta berorrek, erantzunean, jakinarazi zuen MOVES III programaren oinarriak 2021eko uztailean onetsi eta oinarrion I: eranskina 2023ko uztailean aldatu zela. Kanpo uzteko justifikazioa zen ezen, nahiz eta entxufea ibilgailu elektrikoak kargatzeko erabili ahal izan, ez zela soilik horretarako.

Alabaina, kexagileak azpimarratu zuen bere karga-instalazioak bere auto elektrikoa kargatzeaz bestelako erabilerarik ez duela, eta kargak kontrolatzeko eta kudeatzeko sistema bat duela.

Oinarriak aztertuta, Arartekoak ondorioztatzen du diruz laguntzeko modukoak direla ibilgailu elektrikoak kargatzeko azpiegitura guztiak, eta uste du oinarrien eduki literalean aldaketa bat egoteak ezin duela argigarria izan.

Hori dela eta, Arartekoak EEEri gomendatu zion ezeztatu zezala kexagileari aplikatutako ukapena, eta, egokia izanez gero, baiesteko beste ebazpen bat eman zezala aintzat hartuta eskaerak bete egiten zituela bateriak kargatzeko araututako moduen baldintzak. EEEk gomendioa ez duela onartzen jakinarazi dio Arartekoari.

EBAZPENA

Vitoria-Gasteiz, 2024ko urtarrilaren 9a