Arartekoak Gipuzkoako Foru Aldundiko Bide Azpiegituretako Departamentuari iradoki dio hausnar dezala herritar bati aurrez aurrekoak ez ziren bitartekoen bidez eman zitzaion arreta, Abiatu teleordainketarako gailua kudeatzean

Arartekoak izapidetzeko onartu zuen kexa batean, interesdunak esku hartzeko galdegin zion, telefonoz edo Internet bidez ez baitzioten arretarik eskaini Abiatu ordainsarien ordainketa telematikorako gailuari lotuta zeukan ibilgailua aldi baterako ordezkatzeko.

Kexagileak arazo bat izan zuen ohiko ibilgailuarekin, zeinetan Abiatu jarrita daukan, eta eskatu zuen teleordainketarako gailuari lotu ziezaiotela konponketa-lantegi batek eskaini zion ordezko ibilgailua. Bidegi sozietate publikoak adierazi zuen lantegi bateko ordezko ibilgailua erabilera profesionalerako izaten dela eta, horregatik, gailua ezin zuela ohiko ibilgailua ez zen beste batean erabili. Hori dela eta, beste gailu bat eman ziezaioketela adierazi zion, baina Bidegiren bulegoetan, kexagilearen helbidetik nahiko urrun.

Arartekoaren ustez, emandako erantzuna diskriminatzailea izan daiteke kokapenagatik, izan ere, kexagileak eskatutakoa aurrez aurrekoak ez ziren bitartekoen bidez konpon zitekeen. Gainera, Gipuzkoako Foru Aldundiko Bide Azpiegituretako Departamentuari iradoki dio hausnar dezala administrazioak zer interes publiko bilatzen duen Abiatu zerbitzuaren bitartez, izan ere, ez dirudi Bidegiren estatutuetan aurreikusitako helburu bat, ezta ere aldundiak horretarako tresna juridikoak erabiliz enkargatutakoa. Arartekoak alderdi horiek helarazi dizkio, besteak beste, bere ebazpenean.

EBAZPENA

Vitoria-Gasteiz, 2023ko urriaren 25a