Arartekoaren erakunde-adierazpena, Ezgaituen Eskubideei buruzko Hitzarmenaren X. urtemuga dela eta

2016ko abenduaren 13a

Ezgaituen eskubide eta askatasunak bermatzea funtsezko baldintza da beraiek euskal gizartean erabat txertatzeko

Aurten hamar urte beteko dira ezgaituen eskubideei buruzko Hitzarmena eta horren aukerako Protokoloa onartu zirenetik, 2006ko abenduaren 13an, Nazio Batuen egoitzan. Espainiako estatuak 2007ko azaroan sinatu eta berretsi zuen hitzarmen hori, eta 2008ko maiatzean jarri zen indarrean.

Ezgaituen eskubideen gaineko berariazko hitzarmena behar dela ikusi da oro har, izan ere, ezgaituen eskubideak oraindik ere urratu egiten dira, nahiz eta nazioarteko arau eta itun orokorrak egon.

Giza Eskubideei buruzko XXI. mendeko lehen Hitzarmen hori onartzea gertaera garrantzitsua izan zen ezgaituentzat, beraien familientzat, beraien ingurukoentzat, baita elkarteen mugimenduarentzat ere. Elkarte horien esku-hartzea erabakigarria izan zen nazioarteko tresna hori prestatzeko prozesuan.

Barne-legeria, pixkanaka, hitzarmen garrantzitsu horretan ezarritako printzipioetara egokituz joan bada ere, oraindik ez da osatu eska daitekeen araudi-egokitzea, hitzarmena onartu zenetik hamarkada bat igaro den arren. Gainera, Arartekoak, beste herriaren defendatzaile batzuekin batera, agerian jarri du botere publikoek sarritan ez dituztela betetzen ez hitzarmen horretako legezko xedapenak, ez hori ezartzeko onartu ziren Estatuko edo autonomia erkidegoetako arauak. Orobat, hitzarmen horretan xedaturiko betekizunekin oraindik bateratu gabe dauden arauak aplikatzeko orduan, ikusten da tamalez ez dagoela nazioarteko hitzarmen horretako printzipioekin bat datorren interpretaziorik.

Kontuan hartuta hitzarmen horrek, giza eskubideen ikuspegitik, bilakaera bat eskatzen duela berdintasunaren, bereizkeriarik ezaren eta autonomiaren printzipioa ulertzeko eta ezartzeko moduan, Arartekoari beharrezkoa iruditzen zaio euskal herri-administrazioei hauxe eskatzea: beharrezko ahaleginak egin ditzatela hitzarmen hori maila juridikoan eta errealitatean erabat ezarriko dela bermatzeko, erakundeen agendetan uneoro lehentasuntzat joz aniztasun funtzionalari buruzko zeharkako ikuspegia. Euskal agintari guztientzat etengabeko zeregina izan behar du hitzarmenean aitortzen diren eskubideak guztiz beteko direla ziurtatzeak, bai ezgaituei aitortutako eskubideak baliatzean eragina izan lezaketen politika publikoak planifikatzean, bai horiek gauzatzean.

Horretarako, ezgaituen eskubideei buruzko Hitzarmena onartu zenetik 10 urte bete diren une honetan, Arartekoak nahitaez nabarmendu behar du euskal herri-administrazio guztiek hitzeman behar dutela, ezinbestean, ezgaituen giza eskubide eta oinarrizko askatasun guztiak erabat gauzatuko direla ziurtatu eta sustatuko dutela, inolako bereizkeriarik egin gabe, eraginkortasunez betez hitzarmen hori berretsi zuten unean beren gain hartutako betebeharrak.

Ezgaituen eskubide eta askatasunak bermatzea funtsezko baldintza da beraiek euskal gizartean erabat txertatzeko eta helburu bikain eta desiragarri hau lortzeko: gizalegez kohesionatutako gizartea erdiestea.

Vitoria-Gasteiz, 2016ko abenduaren 12a