Arartekoaren erakunde-adierazpena, Ijito Herriaren Nazioarteko Eguna Ospatzen dela eta

2019ko apirilaren 8a

Egun hau ospatzea oso esanguratsua da, izan ere, urtero egun seinalatua izaten da ijito herriaren eskubideak aitortzeko eta historian barrena pairatu duen jazarpena gogoratzeko. Ijito herria Europako kultura gutxiengorik ugariena eta zaharrena da.

Europan, ijito asko bizi dira ageriko desberdintasunean eta gizartean baztertuta (pobrezia jasateko arriskuan daude horietatik %80, batez beste oro har %17 dauden bitartean). Hori dela eta, 2011z geroztik, ijitoen egoera hobetzeko estrategiak presta daitezen proposatu du Europako Batzordeak, Europar Batasunarentzat eta bertako estatu kideentzat agindu sozial eta ekonomiko gisa, funtsezkoak diren arloetan: hezkuntza, enplegua, etxebizitza eta osasuna.

Euskadin, ijito herria erabat gizarteratzea sustatzeko Kontseilua 2003an sortu zenetik, zenbait plan eta estrategia egin dira ijitoak gizartean txertatu eta parte har dezaten. Gainera, ildo beretik, eskubideak eta diru-laguntzak onartu zaizkie osasun arloan, hezkuntzan, etxebizitza arloan, diru-sarrerak bermatzean eta gizarte-zerbitzuetan, bereizkeriaren kontra borrokatzen da, beraien kultura-identitatea onartzen da, zeharkakotasunari eta genero-dimentsioari buruzko kontzientzia dago eta gizartea sentikorrago bihurtzen ari da. Oraintsu onartu da Ijito Herriarekiko Euskal Estrategia 2018-2020. Horren bitartez, aurrerapauso bat egin da, helburu hori lortzeko neurri zehatzak proposatuz.

Giza Eskubideen Europako Agentziak txosten anitz egin ditu ijitoen egoeraz, eta ondorioztatu du ijitoen kontrako jarrera eragozpen garrantzitsua dela haiek gizarteratzeko. Hortaz, neurri eraginkorrak hartu behar dira gorrotozko adierazpenen kontra borrokatzeko. Horretarako, badira zenbait gida eta tresna: esate baterako, Gorrotozko adierazpenen aurka borrokatzeko jarraibideei buruzko gomendioa eta Arrazakeria eta Intolerantziaren kontrako Europako Batzordearen (Europako Kontseilua) azalpen memoranduma, 2016an onartua. Euskadin ere badira gorrotozko adierazpenak; horregatik, horiei aurre egiteko neurriak ezarri behar dira.

Oroimen-egun honen haritik, Arartekoak aditzera eman nahi du egin diren aurrerapenei esker, benetako diagnostikoak, konpromiso lotesleak eta jarduteko proposamen zehatzak dauzkagula eskura. Horregatik, herri-administrazioei biziki eskatzen die aurrera egin dezatela horiek atzerapenik gabe betetzen, ijito herria merezi duen duintasunez bizi dadin mende honetan.

Vitoria-Gasteiz, 2019ko apirilaren 8a