Europako kontzientzia berritzeko goi-bilera bat

Aurtengo maiatzaren 16an eta 17an Reikiaviken (Islandia) Europako Kontseiluko gobernu- eta estatu-buruen goi-bilera bat egingo da, zeina Europan demokrazia berritzeko eta giza eskubideak indartzeko aukera historiko gisa iragarri baita. Goi-bilera hori Europako Kontseiluaren 73 urteko historian egingo den laugarrena izango da. Kontseilua 1949ko maiatzaren 5ean sortu zen, Londresko Itunaren bidez, eta Europan giza eskubideen nazioarteko erakunde nagusitzat hartu izan da.

Giza eskubideetan, demokrazian eta zuzenbide-estatuan oinarrituriko funtsezko balio europarretara helduta, orain dela gutxira arte, Europako Kontseiluak zubi-lana egiten zuen Europako paisaian erabat heterogeneoak eta bateratzeko zailak ziren ikuspegien artean. Zalantzarik gabe, Giza Eskubideen Europako Hitzarmena eta Europako Gutun Soziala erakundearen oinarri nagusi gisa ezartzeak, Europan giza eskubideen aitorpenean eta babesean etengabe aurrera egiten duen ibilbide bat ahalbidetu du.   

Nolanahi ere, ibilbide horrek 2022ko otsailaren 24an Ukrainaren aurka egin zen eraso errusiarraren ondorioak pairatu zituen. Eraso horren ondorioz Errusia behin betiko kanporatu zen Europako Kontseilutik martxoaren 16an, eta Giza Eskubideen Europako Hitzarmeneko kide gisa kendu zen (ikusi Arartekoak horren inguruan egin duen hausnarketa). Errusiaren kanporatu zenez, erakundea 46 estatu-kiderekin geratu zen eta Europako Kontseiluak bere etorkizunari buruzko hausnarketa-aldi bat abiatu zuen.

Testuinguru horretan, Europako Kontseiluak Goi-mailako hausnarketa-talde bat eratu zuen, Mary Robinson buru zuena (Giza Eskubideen aldeko Nazio Batuen Goi-komisario eta Irlandako presidente izandakoa). Talde horrek hogeita hamar gomendio egin zituen Ukrainako gerrak mahai gainean jartzen dituen erronkei behar bezala erantzutea errazteko. Gomendioen zerrendaren buruan goi-bilera bat egitea agertzen da, non estatu-kideek konpromisoa hartuko baitute, mailarik gorenean, Europako Kontseiluaren funtsezko balioak betetzeko eta Europako arkitektura geopolitiko berrian erakundearen zeregina zein izango den definitzeko.

Arartekoaren aginduari dagokionez, azpimarratu beharra dago, gainera, aipaturiko hausnarketa-taldeak giza eskubideen erakunde nazionalei eta herriaren defendatzaileei egozten dien funtsezko zeregina, maila nazionalean Europako Kontseiluaren ondarea eta, batez ere, Giza Eskubideen Europako Hitzarmena ezartzeko. Erakunde honek ildo horren inguruko kontzientzia hartu du eta horren inguruan dihardu lanean gogor, estandar horiek bere jarduera juridiko osora aktiboki txertatzeko. 

2022ko azaroan, Europako Kontseiluaren Ministroen Batzordeak Reikiaviken estatu- eta gobernu-buruen laugarren goi-bilera egitea erabaki zuen. Goi-bilera hori prestatzen ari dela, Europako Kontseiluaren kideak beren iritziak ematen eta bilerara begira egin dituzten behaketak jakitera ematen hasi dira, jarraian laburbiltzen den bezala:

  • Giza Eskubideen Europako komisarioak adierazi duenez, Goi-bileran zuzenbide-estatuaren eta demokraziaren gainbeherak pertsona guztien giza eskubideen babesari dagokionez eragin dituen ondorio kaltegarriei heltzea lehenetsi behar da. Errusiak Ukrainaren aurka egindako gerrak izan behar duen zentraltasuna aitortzeaz harago, komisarioak azpimarratu du beharrezkoa dela estatuek Giza Eskubideen Europako Auzitegiaren erabakiak bete ditzatela indartzea; klima-aldaketaren kontrako borrokarako egokiak diren tresna legalen garapena sustatzea; genero-berdintasunaren kontrako erreakzioak eragiten duen mehatxuaren (neurri batean teknologiak erraztua) kontra borrokatzea; eta eskubide ekonomikoak eta giza eskubideak berdintasun handiago baterantz indartzeko konpromisoa hartzea.
  • Europako Kontseiluko Idazkari Nagusiak adierazi duenez, Ukrainiako egoera goi-bileraren erdigunea izan behar da eta, aldi berean, azpimarratu du beharrezkoa dela erakundearen balioak bultzatzea, ingurumen-estandarrak indartzeko eta ziurtatzeko adimen artifiziala ez dela arrisku bat funtsezko eskubideak modu normalean baliatzeko.
  • Islandiako lehen ministroak, eta goi-bileraren anfitrioiak, adierazi du bere lehentasuna emakumeen eta neskatoen eskubideak, ingurumena eta gazteria ikusaraztea izango dela, eta goi-bileratik erabaki esanguratsuak aterako direla espero du, erronkarik premiazkoenen aurrean (hala nola klima-aldaketaren giza eskubideetan eragina eta aldaketa teknologiko azkarrak) erakundearen lana bideratuko dutenak.