LGTBI Harrotasunaren Eguna dela eta, Arartekoaren erakunde-adierazpena

2023ko ekainaren 28a 

Arartekoak gogorarazten du garrantzitsua dela euskal erakundeek bitarteko guztiak jar ditzaten, beti babes egokia eta eraginkorra bermatzeko diskriminazioaren eta gorroto ekintzen edo diskurtsoen aurrean, izan ere, zenbait eremutan, oraindik ere halakoak burutzen dira pertsona batzuen kontra, beraien sexu-joeragatik edo genero-identitateagatik

Ekainaren 28an, asteazkena, LGTBI Harrotasunaren Eguna ospatzen da mundu osoan. Urteroko deialdi horrek aniztasun afektibo-sexuala harro ospatzeko balio du, baita ere herritarrak eta erakundeak ohartarazteko zer garrantzitsua den LGTBI pertsonek beren nortasuna erabat, beren duintasuna kaltetu gabe, oztoporik, aurreiritzirik, gorrotorik edo bereizkeriarik gabe bizi eta garatu ahal izan dezaten bermatzea.

Arartekoak bat egiten du ospakizun horrekin, agerian jarri nahi baitu LGTBI kolektiboen borrokari eta azken urteotan beraien errebindikazioak jasoz joan diren lege- era erakunde-aldaketei esker, Euskadik adostasun historikoa lortu duela LGTBI pertsonen eskubideak errespetatu beharraz. Gaur egun, euskal gizartean, gizon-emakume anitz modu solidarioan bizi dira elkarrekin, dudarik gabe, bere adierazpen guztietan. Horri eskerrak, pertsona ugarik beren bizitzak eta familiak bidera ditzakete, beren identitatea, afektibitatea eta sexualitatea gara ditzakete bidegabeko trabarik gabe eta gizartearen onarpen osoarekin. Arartekoa horretaz harro dago eta gizarteko sektore guztiei eta erakundeei eskatzen die ez dezatela utzi atzerapauso bakar bat ere ematen herrialde honetan bizi garen guztion arteko bizikidetzarako funtsezko aurrerapen horretan.

Arartekoa azterlan bat prestatzen ari da orain Euskadin LGTBI pertsonen kontra egon daitezkeen gorrotozko edo fobiazko diskurtso edo ekintzez. Gainera, Oinarrizko Eskubideen Europako Agentziak (FRA), aurtendik hasita, inkesta berri bat egin nahi die Europa osoko LGTBI pertsonei, beren egoeraren gainean. Arartekoak  FRAk egin dion lankidetza-eskaeraren aurrean- dagoeneko zabaldu du inkesta hori Euskadiko LGBTI kolektiboen artean, gure lurralde-eremuan parte-hartze handia sustatzeko asmoz, Europako Agentziari Euskadiko LGTBI pertsonen ikuspegia ere helarazteko.

Azkenik, LGTBI kolektiboaren eskubideen arloko aurrerapenetan atzerapausorik ez egiteko, Arartekoak berriz ohartarazi nahi du euskal botere publikoek pertsona horien benetako berdintasun eraginkorra galarazten duten oztopoak kentzen jarraitu behar dutela. Horretarako, ezinbestekoa da ekintza positiboko eta gizartea sentsibilizatzeko neurri publikoetan sakontzen jarraitzea, izan ere, neurri horiek kolektibo horrenganako tolerantzia eta elkarrekiko begirunea, elkartasuna eta enpatia sustatzera bideratuta daude. Orobat, gogorarazten du oso garrantzitsua dela euskal erakundeek bitarteko guztiak jar ditzaten beti babes egokia eta eraginkorra bermatzeko diskriminazioaren eta gorroto ekintzen edo diskurtsoen aurrean, izan ere, zenbait eremutan, oraindik ere halakoak burutzen dira pertsona batzuen kontra, beraien sexu-joeragatik edo genero-identitateagatik. Hain zuzen ere, Arartekoak ekainaren 28 honetan aurkezten du diskriminazioaren gaineko azterlan bat, non bereizkeria mota honi eraginkortasunez aurre egiteko politika publikoak eta era guztietako neurriak diseinatzen ere aurrera egiteko tresnak landu nahi diren.

Vitoria-Gasteiz, 2023ko ekainaren 27a