ARARTEKOAREN 2019KO TXOSTENA EUSKO LEGEBILTZARRARI


Eusko Legebiltzarrarentzako txostena 2019

Vitoria-Gasteiz

Joan den martxoaren 26an, Arartekoak bete zuen Eusko Legebiltzarrari urteko txostena emateko legezko betebeharra. Hala ere, COVID-19 koronabirusaren pandemiak sortu duen osasun publikoaren larrialdi egoera dela eta, ezinezkoa izan da protokoloaren arabera Ganberako presidenteari eskuratzea eta hedabideei aurkeztea.

Gaurtik aurrera, erakundearen web orriaren bitartez (www.ararteko.eus) Arartekoak ardura zaien guztientzat eskuragarri jarri du Eusko Legebiltzarrarentzako 2019ko txostena, non erakundeak iaz egindako jardueraren berri ematen baita.

Jarraian, laburki aipatuko ditugu zenbait datu.


2019an,13.650 jarduketa egin dira, osotara. Horietatik, 7.751 kexei eta kontsultei dagozkie, eta 30, ofiziozko espedienteei.

Zuzeneko arretako bulegoetan, guztira, 10.647 zerbitzu eman dira: horietatik, ia 5.500 telefono bidezko zerbitzuak izan dira, eta 6.600 lagunek hiru bulegoetako batera jo dute, informazio eta aholku eske.

2019an 71 bilera egin ditugu gizarte-erakundeekin, eta 69 hainbat administraziorekin: Eusko Jaurlaritzako sailak eta zuzendaritzak, foru-aldundiak, udalak eta beste erakunde batzuk. Halaber, 8 ikuskapen-bisita egin dira eta, horiei esker, honako toki hauen funtzionamendua, baliabideak, kudeaketa-programa, Arartekoaren gomendioen jarraipena eta abar ebaluatu ahal izan dira: Gernikako ertzain-etxeak, Basauriko Udaltzaingoa, bakarrik dauden adingabe atzerritarren lehenengo harrerarako eta beren emantzipazioa prestatzeko zentroak (Bideberria, Zornotza eta Vivero), bai eta jokabide arazoak dituzten nerabeentzako zentroak (Estibaliz eta Sansoheta) eta gizarte zein hezkuntza zentroa ere (Andoiu-Gorbeia).

Gainera, era aktiboan parte hartu dugu administrazioek, gizarte-erakundeek eta defentsa-bulegoek sustatutako 170 ekitaldi eta jardunaldi baino gehiagotan, autonomia-erkidegoan nahiz estatuan, eta baita Europa edo nazioarte mailako beste 20 ekitalditan ere.

2019an, 2.081 kexa-espediente ebatzi dira, eta 1.519 ebazpen eman dira. Gainerako kasuetan, behingoan sortutako ez-onartzeak dira (beste herri-defendatzaile batzuekin bikoiztea, ebazpen judizialaren zain dauden edo epai irmoa duten auziak, auzibidea hastea, eta abar). Kexa-prozeduren batez besteko iraupena 65 egun izan da.

Kexa-espediente horiek aztertuz gero, % 49 inguruk eragindako administrazioaren jarduketa okerren bat zuen; hau da, aurreko urtean baino ehuneko txikiagoa da (% 53). Eragindako administrazioak zuzendu eta aldatu egin du erreklamazioa eragin zuen jarduketa kasuen % 85ean. Kasu gehienetan, Arartekoak ez du gomendio formala egin beharrik izan.

Kexen gai arloaren arabera, osasunari dagozkionak gehitu egin direla ikusten dugu, neurri handi batean, Gurutzetako modulu psikosoziala ixtearen ondorioz jasotako 484 kexengatik.

Aldiz, gizarte-bazterketaren aurkako bitartekoen gaineko erreklamazioak gutxitu egin dira: 468 (713, 2018an). Erreklamazio gehienak, % 90 inguru, Lanbideren funtzionamendu txarrari lotutako arazoei buruzkoak dira.

Izapidetutako kexa-espedienteen ia % 58k gizarte eskubideekin dute zerikusia (osasuna, gizarteratzea, etxebizitza, hezkuntza...).

Arreta publikoko taldeei buruzko kexak ere asko dira. Espediente horietako askok (gizarteratze arlokoak barne) pertsona guztien berdintasun erreala eta eraginkorra bermatzeko politika publikoekin zerikusia dute, eta horien helburua honako hau da: emakumeek, adinekoek, haur eta nerabeek, ezgaitasunen bat duten pertsonek, LGTB kolektiboak, immigranteek, ijitoek eta abarrek eskubide hori baliatzeko dituzten eragozpenak desagerraraztea.

Administrazio bakoitzari eragiten dioten espedienteen proportzioari dagokionez, aurreko urteetan bezala, 2019an Eusko Jaurlaritza izan da idatzizko erreklamazio gehien jaso duen erakundea (% 53), eta Euskal Autonomia Erkidegoko udalen jardunei buruzko kexak hazi egin dira (% 30). % 10 inguruk foru-aldundiei eragin diete.

Gainera, txosten berezi bat aurkeztu dugu: Euskal autonomia erkidegoan bitartekotza egitea

2019an, Arartekoak, esku hartzean, erabat bereganatu du bere lanaren Europako eta nazioarteko alderdia. Alderdi hori gehitzean, Arartekoak ez du soilik legez dagokion agindua bikaintasunez betetzen; aitzitik, Europan zein nazioartean honelako erakunde bati eskatzen zaionarekin bat dator. Prozesu horretan, Manuel Lezertua arartekoak bilera egin zuen Frans Timmermans Europako Batzordeko lehen lehendakariordearekin eta Dimitris Avramopoulos Migrazio, Barne Arazo eta Herritartasun arloko komisarioarekin, errefuxiatuen Europako krisiaz elkarri beren ikuspuntuak adierazteko. Arartekoak betetzen dituen zereginekin lotutako testu garrantzitsu berrien artean, nabarmentzekoa da Herriaren Defendatzailearen Erakundea Babestu eta Sustatzeko Veneziako Printzipioak onartu direla, kontsulta-prozesu baten ondoren. Prozesu horretan parte hartu zuten Arartekoak eta erakunde hau bere baitan hartzen duten nazioarteko sare batzuek. Printzipio horiek defentsa-erakundeei eskatzen diete giza eskubideak babestu eta sustatzeko eginkizuna beren gain har dezatela eta, horrela, gainditu dezatela Ombudsmanaren ikuskerarik klasikoena, administrazio txarra ikuskatzeari buruzkoa.

Jarduera askok izan dute zerikusia nazioarteko alderdi horrekin, bai errefuxiatu eta migratzaileek Europan dituzten eskubideen arloan, bai datu pertsonalak, kultura eta hizkuntza-eskubideak babestearen arloan. Aipamen berezia merezi dute haurren eskubideak babestearekin lotutako jarduerek, adibidez, Haurren Defentsa-erakundeen Europako Sarean (ENOC) parte hartzea (inguru digitaleko eskubideen inguruan), baita ENYA proiektuan ere.

HAUR ETA NERABEENTZAKO BULEGOA

2019ko 474 kexa-espedientetan izan dira tartean haurrak eta nerabeak. Espedienteen %46,1 adingabe horiek bizi-maila egokia izatea ahalbidetzen duten baldintza materialei lotuta daude, zehazki, diru-sarrerak eta etxebizitza bermatzeko sistemei buruzkoak dira. Beste %27,4 hezkuntza-sistemaren arazoei buruzkoak dira, eta gainerako %27a beste esparru batzuen ingurukoak.

 
GAI HONEKIN LOTUTAKO DOKUMENTUAK
Urteko txostenak
Eusko Legebiltzarrarentzako txostena 2019 Eusko Legebiltzarrarentzako txostena 2019
Eusko Legebiltzarrarentzako txostena 2019 - Haur eta Nerabeentzako bulegoaren txostena Eusko Legebiltzarrarentzako txostena 2019 - Haur eta Nerabeentzako bulegoaren txostena
Urteko txostenen laburpenak
2019. urteko txostenaren laburpena 2019. urteko txostenaren laburpena
RSS
Bikaintasunarekin konpromisoa - Compromiso con la excelencia
sello accesibilidad   sello accesibilidad