Skip to main content
banner-oficinadelainfancia

HAUR ETA NERABEENTZAKO BULEGOA

Arartekoko Haur eta Nerabeentzako Bulegoa 2010ean sortu zen. Erakundearen jarduera osoan haurren ikuspegia gogoan izan dadin bermatzen du. Erakundeko gainontzeko arloen antzera, adin txikikoek zuzenean edo legezko ordezkarien bidez egindako kontsultak eta kexak hartzen eta ikertzen ditu, edo haurrekin zerikusia dutenak.

Lan hori nolabait erreaktiboa da norbaitek (pertsona nahiz taldea izan) edo zerbaitek (hedabideen edo beste bide batzuen bitartez ezagutzen dugun balizko eskubide-urratze bat) azaltzen digun gaiaren aurrean, eta beste lan-lerro proaktiboago batzuek osatzen dute, adibidez, honako helburuok lortzera bideratutako jarduerek: sareko lan kolektiboa eta lankidetzakoa sustatzea, haurren eskubideen gaineko kultura zabaltzea, eta, oso bereziki, adin txikikoek berek parte hartzeko eta beren hitza entzunarazteko aukerak bultzatzea.

Ararteko erakundea konprometituta dago, bere antolaketa esparruan, neska-mutilen interes gorena babestearekin bat datozen portaerak sustatzen, eta erakunde segurua da haurrentzat eta nerabeentzat. Horretarako, neskato, mutiko eta nerabeak babesteko politika bat dauka. Politika horren bitartez gauzatzen da babesteko helburu orokorrarekin gure erakundeak duen konpromisoa, eta portaera profesional eta pertsonalaren estandar gorenak bermatu nahi ditu, haurrek eta nerabeek kalterik jasan ez dezaten Arartekoko jarduera edo proiektuetan parte hartzen dutenean.

Irudia
Página Oficina. Consejo

Haur eta Nerabeen Kontseilua

Albisteak

Arartekoak bat egiten du ENOCen adierazpen horrekin, zeinak beharrezkotzat jotzen baitu berme eraginkorrak ezartzea adingabe horien eskubideak benetan babesteko, izan ere, Itunak kezka sortzen du, Europako mugetan jaso lezaketen tratuarengatik.

Haurren Defentsa-erakundeen Europako Sareak (ENOC) bere baitan hartzen ditu Europako 34 herrialdetako haur eta nerabeen eskubideak babesteko 44 erakunde. Sare horrek behin eta berriz eta etengabe adierazi du kezkatuta dagoela haur eta nerabe migratzaileen egoeragatik, eta hainbat gomendio egin ditu haien gainean eta haien eskubideak hobeto babesteko premiaz, nazioarteko eta eskualdeetako araudiaren arabera.

2015. urteaz geroztik, milioika haur eta nerabe iritsi dira Europara segurtasun eta babes bila. 2020tik, Europar Batasuneko (EB) herrialdeetan, adingabeen 800.000 asilo-eskaera berri baino gehiago erregistratu dira, eta horietatik 113.000 baino gehiago bakarrik edo beren familiengandik bananduta dauden adingabeenak dira. 

Orain, EBko estatu kideak 2024ko apirilaren 10ean onartutako Migrazioari eta Asiloari buruzko Ituna aplikatzeko prestatzen ari direneanENOCek uste du berme eraginkorrak ezarri behar direla haur eta nerabe horien eskubideak benetan babestuko direla ziurtatzeko, izan ere, Itunak kezka sortzen du, Europako mugetan jaso lezaketen tratuarengatik.

Baldin eta Itunean erantzukizunak banatzeko eta elkartasunerako aurreikusi diren tresnak egiaz eraginkorrak ez badira, itun horrek ez du konponduko lehen sarrerako estatuen gaineko "presioa". Mugetan giza eskubideak urratzeko eta asiloa eskatzeko eskubidea are gehiago higatzeko arriskua arindu nahi bada, giza eskubideak bermatzeko tresna nahikoak ezarri behar dira, besteak beste, ikuskatzeko mekanismo eraginkor eta independenteak, zaurgarritasunaren kontuzko ebaluazioak eta bideratze bizkorrak egokituta dauden zerbitzuetara (adibidez, haurrak babesteko zerbitzuak eta osasun-laguntza), informazio kritikoa eta laguntza juridikoa ematea, nazioetan ustezko tratu txarrak azkar eta eraginkortasunez ikertzeko sistemak. 

EBk eta bere estatu kideek inbertsio ekonomiko eta operatiboak lehenetsi behar dituzte, asilo eta harrerarako sistema nazionalak baliabideez behar bezala hornitzeko. Jendeari, kosta ahala kosta, Europara heltzeko asmoa kentzen ahalegindu beharrean, estatuek oinarrizko eskubideak eta pertsonen duintasuna defendatzen jarri beharko lukete arreta.

Arartekoak, ENOC sareko kide denez, bat egiten du horien eskubideak babesteko propio egin den erakunde-adierazpen horrekin. 

ENOCen ERAKUNDE-ADIERAZPENA

Vitoria-Gasteiz, 2025eko otsailaren 12a

Arartekoaren Haur eta Nerabeentzako Bulegoak Nazio Batuen Haurren Eskubideen Batzordearekin partekatu ahal izan ditu gure lurraldeko haur eta nerabeen eskubideen egoeraz dituen kezka eta proposamen nagusiak, Haurren Eskubideei buruzko Konbentzioan Nazio Batuen Batzordeak esleituta daukan Espainiako Estatuaren aldizkako jarraipen-prozesuaren esparruan.

Arartekoak txosten batean adierazi dio Batzordeari Euskadin haur eta nerabeen eskubideen betetze-mailaz egin duen balorazioa, eta Genevan parte hartu du, haurren erakundeen ordezkari batzuekin batera, Estatuak emandako informazioa kontrastatzeko asmoz Haurren Eskubideen Batzordeak gizarte zibilarekin egiten duen topaketan. Horren guztiaren bidez, Espainiari azkenean egiten zaizkion gomendioen diagnostiko osoagoa eta formulazio zehatzagoa egiten lagundu nahi da.

TXOSTENA

Vitoria-Gasteiz, 204ko urriaren 11

38 neska-mutil Espejoko gazteen aterpetxean elkartuko dira eta zenbait proposamen egingo dituzte, babes-sisteman haur eta nerabeen eskubideen erabilera eta defentsa hobetzeko

Arartekoari beharrezkoa iruditu zaio Euskadin indarkeria matxista eragiten duten nerabeen jarrera sexista eta matxisten nagusitasuna aztertzea. Azterlan hori 2023an eta 2024an barrena egin da, bukatzear dago eta helburu jakin bat lortu nahi du: neurri eta politika publikoetan aurrera egitea, Euskadiko gazteek emakumeen eta gizonen berdintasunaren inguruan duten gizarte-diskurtsoa eta jarrerak hobetzea sustatzeko.

Azterlaneko gomendioak aberasteko asmoz, Arartekoak herritarren foro bat antolatu du Euskadiko gazteen jarrera matxistei buruz, eta gaur egingo da, Bilbon. Hausnartzeko toki bat da, ideia horiek parte-hartzaileei (gazteak edo/eta gai horretan bereziki inplikatuta dauden pertsonak) zer iritzi eta proposamen eragiten dizkieten haztatzeko.

Vitoria-Gasteiz, 2024ko maiatzaren 22a

Herritar batek Arartekoari adierazi zion ez zegoela konforme Gasteizko udal gizarte-zerbitzuen jarduerarik ezarekin, sei urteko bere biloba babesik gabe gera zitekeelako. Kexagilea umearen amona da, aitaren aldetik, eta azaldu zuen umearen gurasoek aspalditik estupefazienteekiko eta alkoholarekiko adikzioa dutela, gatazkak bikote barruan, antolatu gabeko familia-jarduera eta haurra hezteko gaitasunik eza. Arrazoi horiengatik, ez omen ziren behar bezala zaintzen ari beren semea. 

Kontatu zuenez, udal gizarte-zerbitzuekin harremanetan egon da 2019az geroztik, berak bilobaren babesgabetasun-arriskuko egoeraz ohartarazi zuenetik, eta erreferentziako profesionalei jakinarazi die zer egoeratan dagoen bere biloba. Hala ere, gizarte-zerbitzuek ez omen zuten jarduerarik burutu. Kexagilearen esanean, bere bilobak anaia bat dauka eta harekin esku hartu zuten, babesgabetasun-arriskuan zegoelako, amaren aldeko amonaren kargura geratu zen arte. Gertakari hark kezka handitzen zion, prebentzioz jarduten ez bazen, ez ote zen errepikatuko bere bilobaren babesgabetasun-egoera hura. 

Kexagilearen esanean, bere asmoa, une oro, agintari eskudunei familiaren egoeraren berri ematea izan da, gizarte-zerbitzuek familiari beharrezko laguntza eman ahal izateko, eta udal zerbitzuetako gizarte-langileei eta psikologoei adierazi zien ahal zen neurrian laguntzeko prest zegoela, haurraren ongizatea bermatzeko. Gaineratu zuen 2023an handitu egin zela bere kezka, bilobarengan nabaritzen hasi zen kalte emozionalagatik, harekin harreman estua baitu. 

Gizarte-zerbitzuek ezer egiten ez zutelakoan, udalari ere egin zion idazki bat, bilobaren babes-espedientearen kopia bat eskatzeko. Eskaera ukatu egin zioten. Arartekoak kasu horri buruzko informazioa galdegin zion Gasteizko Udalari. 

Bilobaren babesgabetasun-espedientearen kopia bat ukatzeari buruz, Arartekoak ez zuen legez kontrako ezer ikusi ukapenean, izan ere, kexagilea ez zen espedientearen titularra, eta halaxe jakinarazi zitzaion interesdunari. Udalak bidalitako erantzuna (eskatu eta handik bost hilabetera) txosten labur bat izan zen. Bertan adierazi zuen esku-hartzea 2019an hasi zela, umeak urtebete zuenean, aitaren aldeko amonak eskatuta. 2020an, babesgabetasun-ikerketa bat hasi omen zen eta txosten bat prestatu omen zen, baina txosten hartan ez omen zen bildu informazio nahikorik, ezta egintzen eta egoeren adierazle objektiborik ere, babesgabetasun larriko egoera diagnostikatu ahal izateko.

Udalak dioenez, umearen gurasoek erabat errefusatzen dute oinarrizko gizarte-zerbitzuek esku hartzea; horregatik, adingabearen bilakaera etengabe eta zuzenean aztertzen ari da, informazio kontrastatua lortzeko eta, hari esker, umea babesgabetasun-arriskuan edo babesik gabe dagoen balioetsi ahal izateko, baina ez da esku-hartze sozioedukatiborik edo psikosozialik egiten ari. 

Familien esku-hartzea eta laguntza beharrezkoak dira, dudarik gabe, edozein programa sozioedukatibo edo psikosozial egoki garatzeko. Hala ere, Arartekoaren ustez, gurasoek ez laguntzeak ezin du justifikaziorik gabe geldiarazi edo atzeratu babesik gabe dauden haurren balorazioa. 

Erakunde honen iritzirako, udalak, haurrak babestearen arloan administrazio publiko eskuduna denez gero, ume horren eskubideak bermatu behar ditu, eta haren gurasoak semearen beharrez modu egokian arduratuko direla bermatu, haien lankidetza sustatuz eta egokitzat jotzen diren laguntza-baliabideak eskainiz familiari eta pertsonei. 

Hori dela eta, Arartekoak Gasteizko Udalari gomendatu dio ahalik eta lasterren egin dezala ume horren babesgabetasun-egoeraren balorazioa, antzematen den babesgabetasun-mailari dagozkion babes-neurriak gauzatu ahal izateko.

EBAZPENA

Vitoria-Gasteiz, 2024ko maiatzaren 21a

Erakundeak