UR HORNIDURA NAHITAEZ BERMATU BEHAR ZAIE TALDE KALTEBEREI COVID-19AREN KRISIAK ERAGIN DUEN ITXIALDIAN



Vitoria-Gasteiz

Pertsona batek Arartekoari azaldu dionez, bere etxean ur hornidura izateko arazoak ditu, COVID-19aren krisiak eragin duen itxialdian. Kexagilearen esanean, berriki babes publikoko etxebizitza bat esleitu diote, errentamendu erregimenean, eta etxe horretan hainbat egun eman ostean, ez du ur zerbitzua kontratatzerik izan, enpresa hornitzailearekin lehendik zorra zeukalako, beste etxebizitza bateko aurreko kontratu baten ondorioz.

Adierazi behar da martxoaren 17ko 8/2020 Errege Lege-Dekretuak, COVID-19aren eragin ekonomiko eta sozialari aurre egiteko presako neurri bereziei buruzkoak, talde kalteberen estaldura zabaldu duela oinarrizko zerbitzu publikoen arloan. Arau horrek ezartzen duenez, gizakien kontsumorako edateko uraren etxeko hornidura-zerbitzua funtseko zerbitzua da eta bermatuta egon behar du, batez ere oraingo itxialdi egoeran, alarma egoera adierazi ostean. Onartu diren neurrien artean, ur hornidura bermatzeko betebeharra dago, araua indarrean jarri eta hurrengo hilabetean. Beraz, ur hornitzaileek ezingo diete hornidura eten kalteberatzat jotako kontsumitzaileei.

Arartekoaren iritziz, ura, argindarra edo gasa bezalako oinarrizko zerbitzuen hornidurak bermatuta egon beharko luke aldi honetan, baita etxez aldatu duten erabiltzaile berrientzat ere, nahiz eta haiek lehendik ordaindu gabeko zorrak eduki. Horrek guztiak ez du galarazten ordaintzeke dauden diru-kopuruak ordaintzea; horretarako, administrazioak nahitaezko diru-bilketarako tresnak dauzka, edo beste bide batzuk, esaterako, zorra zatikatu dadin onartzea edo gizarte-zerbitzuen bidez ordainketa bermatzea, kaltetuak jaso litzakeen laguntzen bitartez.

Horrela, Arartekoak kexagileari adierazi dio ur horniduraren erantzule den udalera joan behar duela, konexioa egin eta zorra atzera diezaioten eskatzera.

Eskaera berri horren ondoren, oraingo ohiz kanpoko itxialdi egoera kontuan hartuta, ur horniduraren erakunde erantzuleak alta eman dio kexagileari etxeko ur horniduraren zerbitzuan, eta zorra zatikatuta ordain dezan onartu du.

Baiezko erantzun hori ikusita, Arartekoak bukatu du bere jarduera, eta ura, gasa edo argindarra bezalako oinarrizko zerbitzu publikoen erakunde hornitzaileei gogorarazi die horien hornidura bermatu behar dietela talde kalteberei COVID-19aren krisiak eragindako itxialdiak dirauen bitartean.


Vitoria-Gasteiz, 2020ko apirilaren 2a

 
RSS
Bikaintasunarekin konpromisoa - Compromiso con la excelencia
sello accesibilidad   sello accesibilidad