ARARTEKOAREN USTEZ, NEURRIGABEA DA INDARREKO NORTASUN AGIRIA EZ AURKEZTEAGATIK ETXEBIDEN IZENA EMATEKO BALDINTZAK GERORA EZ DIRELA BETE USTE IZATEA



Vitoria-Gasteiz

Herritar batek Arartekoari azaldu zion ez zegoela ados Etxebide etxebizitza babestuaren eskatzaileen erregistroan berari baja eman izanarekin. 2014ko uztailetik zegoen erregistro horretan alta hartuta, errentamendu erregimeneko etxebizitza babestuaren eskatzaile gisa.

Izen-ematea berritzeko eskatu zuenean, 2018ko urtarrilean, Etxebizitza Sailaren Arabako Lurralde Ordezkaritzak NANaren fotokopia eskatu zion, baita Atzerritarren Erregistro Nagusian inskribatuta egotearen ziurtagiria ere.

Europar Batasuneko herritarren erregistroko ziurtagiriaren kopia bat eman zuen, Atzerritarren Erregistro Nagusiak egindakoa, non berariaz ziurtatu baitzen kexagilea egoera honetan zegoela: "Residente comunitario permanente en España desde 2/6/2006". Gainera, Portugaleko nortasun agiri nazionalaren kopia bat eman zuen, nahiz eta une hartan iraungita egon.

Etxebizitzako lurralde ordezkariak erregistroan baja ematea erabaki zuen, bere ustez gerora ez zirelako bete etxebizitza-eskatzaileen erregistroan izena emateko baldintzak, kexagileak indarrean zegoen nortasun agiria eman behar zuelako.

Beraz, Lanbidek etxebizitzarako prestazio osagarria jasotzeko eskubidea ere etetea erabaki zuen, eta oker jasotako kopuruak itzultzeko betebeharra adierazi zuen.

Etxebiden izena emateko berriz eskatu ondoren, erregistro horrek ostera alta eman zion etxebizitza-eskatzaile gisa, baina hasierako espedientean zuen antzinatasuna galdu zuen.

Arartekoaren iritziz, neurrigabea da indarreko nortasun agiria ez aurkezteagatik gerora baldintzak ez direla bete uste izatea.

Gure ustez, herritarrak agiri nahikoak eman zituen bere nortasuna egiaztatzeko. Portugaleko nortasun agiria iraungita aurkeztu zuenean, Europar Batasuneko herritarren erregistroko ziurtagiriarekin batera, berriro eskatu behar zioten agiri hura, nortasun agiria iraungita zegoela eta berrituta aurkeztu behar zuela zehaztuz. Hala, arazoa erraz konpondu ahal izango zen.

Horregatik, Arartekoak Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza Sailari eskatu zion berriz azter zezala espediente hura eta kexagileari etxebizitza-eskatzaile gisa zuen antzinatasuna onar ziezaiola.

Sail horrek erantzun du ez datorrela bat Arartekoaren azterketarekin, eta herritarrak indarreko nortasun agiria aurkeztu behar zuela adierazi du berriro.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko uztailaren 8a

 
GAI HONEKIN LOTUTAKO DOKUMENTUAK
Arartekoaren 2020R-823-18 EBAZPENA, 2020ko maiatzaren 7koa. Horren bitartez, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailari gomendatzen zaio berrikusi dezala "Etxebide" Etxebizitza Babestuen Eskatzaileen Erregistroan baja emateko espedientea. Arartekoaren 2020R-823-18 EBAZPENA, 2020ko maiatzaren 7koa. Horren bitartez, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailari gomendatzen zaio berrikusi dezala "Etxebide" Etxebizitza Babestuen Eskatzaileen Erregistroan baja emateko espedientea.
RSS
Bikaintasunarekin konpromisoa - Compromiso con la excelencia
sello accesibilidad   sello accesibilidad