10 urte Istanbulgo Hitzarmena sinatu zenetik


Maiatzaren 11n 10 urte bete ziren Istanbulgo Hitzarmena sinatu zenetik. Europako Kontseiluaren hitzarmena da, emakumearen kontrako indarkeria eta etxeko indarkeria prebenitzeko eta horren aurka borrokatzeko.

Istanbulgo Hitzarmena nazioarteko hitzarmenik osoena da emakumeen kontrako indarkeriaren aurka borrokatzeko. Hitzarmen horrek oso modu zabalean ulertzen du emakumeen kontrako indarkeria, ez du kontuan hartzen bikoteak edo bikote ohiak burututako indarkeria fisikoa bakarrik, baizik eta baita ere indarkeria psikologikoa, jazarpena, sexu-indarkeria, behartutako ezkontza, emakumeen mutilazio genitala, borondatearen kontra antzutzea eta abortatzea. Hitzarmenak zenbait neurri hartzera behartzen ditu herrialdeak, indarkeria modu ezberdin horiek prebenitzeko, zigortzeko eta biktimei laguntzeko, seme-alabak barne direla.

Europako 33 herrialdek osatzen dute Istanbulgo Hitzarmena, zeinak Europako mugak gainditu dituen, horretan esku hartu nahi baitute Europatik kanpoko herrialde batzuek ere. Urtemuga dela medio, web orri bat abiarazi da; bertan, Hitzarmenaren ezaugarri nagusiak azaltzen dira eta Hitzarmenari buruzko Europako pertsona ospetsu batzuen testigantzak biltzen dira. Orri horretan zati bat eskaintzen zaie kanpainei eta gizarte zibilaren eginkizunari.

Gainera, Hitzarmenaren partaide diren herrialdeek egindako adierazpen batean, integrazioa eta gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna sustatu dute, baita genero-indarkeriaren aurkako borroka ere, COVID-19aren izurriaren ondoko berreraikitze-lanean. Halaber, Hitzarmeneko herrialdeek kezka agertu dute hitzarmen horren gainean hedatu diren gezurrezko kontakizunengatik eta emakumeak indarkeriatik babesteko nazioarteko sistema ahultzeko ahaleginengatik.

Iaz, Istanbulgo Hitzarmeneko Adituen Batzordeak bere txostena egin zuen, Espainiak Hitzarmena betetzeari buruz; hemen Irakur daiteke.

 
RSS
Bikaintasunarekin konpromisoa - Compromiso con la excelencia
sello accesibilidad   sello accesibilidad