ARARTEKOAK ANTOLATUTAKO IKASTAROA: HERRITARRENGANDIK HURBILAGO EGONGO DEN ADMINISTRAZIORANTZ AURRERA EGITEKO TRESNAK



Donostia-San Sebastián

EHUren XXXX. edizioko uda ikastaroen barruan, Arartekoak ikastaro bat antolatu du gaurko eta biharko, Donostiako Carlos Santamaría Zentroan, izenburu honekin: "Herritarrengandik hurbilago egongo den administraziorantz aurrera egiteko tresnak".

Ikasturtearen inaugurazioan, Manuel Lezertua arartekoak hizpide izan ditu pandemiaren hasieratik Arartekoan jasotako kexak eta kontsultak, administrazioak herritarrei arreta ematean izandako arazoei buruzkoak. Besteak beste: bizirauteko prestazio ekonomikoak eskatzeko administraziora joateko ezintasuna, inprimakiak betetzeko gailu elektronikoen falta, prestazio ekonomikoen izapideak, ABEEEen izapideak eta hainbat izapide administratibo edo erabaki judizial.

Ikasturte honen helburua da, arartekoak adierazi duen bezala, "elkarrekin hausnartzea administrazio publikoek egin edo indartu behar dituzten ekintzen inguruan, administrazio horietara jo behar edo nahi duten pertsonekiko gertutasuna sustatzeko". Era berean, herritarrei gardentasuna, informazioa eta komunikazio argia eskaintzeko beharrezkoak diren neurrietan sakontzea da asmoa, administrazioen eta administratuen arteko harremanak eta komunikazio arina errazteko".

Lezertuak eskerrak eman dizkie euskal herri-administrazioetan eta sozietate zibilean lan egiten duten pertsonei, izan ere, lanean ari dira herritarrak euren zereginen erdigunean egon daitezen, "inor ere atzean geratu ez dadin".

Administrazioaren eta gizartearen beraren digitalizazioa esponentzialki ari da aurrera egiten, eta are gehiago egingo du datozen hilabeteetan, COVID-19ari aurre egiteko onartutako neurrien ondorioz eta Europar Batasunak Europarako Suspertze Planean berreraikitzeko onartu dituen funtsak aplikatzearen ondorioz, azken horrek trantsizio ekologikoan eta digitalean inbertitzen lagunduko baitu. Horretarako, berriztatu egin behar dira administrazioak berak eta beraien lan-prozesuak, inor baztertuko ez duen zerbitzu azkarra, eraginkorra eta enpatikoa egiteko eta pertsona batzuen arrakala digitala gainditzeko neurriak hartzeko, izan ere, pertsona horiek, arrazoi ekonomikoak edo gaitasunezkoak direla medio, ezin dituzte bitarteko horiek eskuratu. Horrela, bazterketa digitala eta horren ondorioak saihestuko dira.

Egiaz, COVID-19aren krisiak agerian jarri du, dudarik gabe, bitarteko telematikoen protagonismoa eta horien garrantzia itxialdi orokorrean, baina administrazio publikoek aldi honetan izan dituen disfuntzioak ere nabarmendu ditu.

Horren ondorioz, Arartekoak, 4/2020 Gomendio Orokorraren bitartez, euskal administrazio publiko guztiei berariaz eskatu die beharrezko neurriak indartu ditzatela, behar bezala funtziona dezaten ez bakarrik arreta telematikoak, baizik eta baita ere telefono bidezkoak eta aurrez aurrekoak, herritarrak egoki artatzeko.

Herritarren beharrei erantzun egokia emate aldera, administrazio publikoak hainbat tresna erabili behar ditu modu proaktiboan. Arartekoaren uda ikastaro honen helburua da horretarako tresna batzuk aztertzea, ahalik eta jarduerarik onenak gauza daitezen.

Donostia-San Sebastián, 2021eko irailaren 16a 

 
RSS
Bikaintasunarekin konpromisoa - Compromiso con la excelencia
sello accesibilidad   sello accesibilidad