ARARTEKOAK HEZKUNTZA SAILARI ESKATU DIO IKER DEZALA ZERGATIK IRITSI ZEN DATU PERTSONALAK ZITUEN IDAZKI BAT GARATUTAKO ADMINISTRAZIO-PROZEDURAREKIN ZERIKUSIRIK EZ ZUTEN PERTSONA BATZUEN ESKUETARA



Vitoria-Gasteiz

Pertsona batek Arartekoari adierazi zion ez zegoela ados Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailaren jarduera batekin.

Azaldu zuenez, une jakin batean, posta elektroniko bat bidali zion Langileak Kudeatzeko Zuzendaritzako arduradunetako bati, elkarrizketa bat adosteko asmoz, berak lan egiten zuen ikastetxeari buruzko zenbait gai jorratzeko, izan ere, bere ustez, legez kontrako jarduerak izan zitezkeen. Mezu hura kontu pribatu batetik igorri zen.

Bi egun geroago erantzuna jaso zuen, bide beretik. Mezuan ez zen elkarrizketa aipatu eta arduradunak eskatu zion eskura zeukan informazioa edo zantzuak helaraz zitzala. Horretarako, erregistro ofizialean idazki bat aurkez zezala, eta bera identifikatzeko datuak ere eman zitzala.

Kexagileak ez zuen idazki hura aurkeztu, ziur baitzegoen, hala eginez gero, ikastetxean arazoak izango zituela.

Aste batzuk geroago, ikastetxeko irakasleen klaustroa egiten ari zirela, Langileak Kudeatzeko zuzendariaren idazki ofizial baten kopia agertu zen, Hezkuntza Sailaren Bizkaiko Lurralde Ordezkaritzara bidalitakoa. Bertan transkribatuta zegoen pertsona haren posta elektronikoa, eta bi aldiz agertzen ziren bere izen-abizenak.

Herritarrak kexa egin zuen egintza horiengatik. Behin prozedura guztia amaituta, Langileak Kudeatzeko zuzendariak erantzun zion bere hasierako posta elektronikoan agertzen zirela mezu hura salaketa gisa hartu eta izapidetzeko behar ziren datu guztiak, eta, horregatik, Bizkaiko Lurralde Ordezkaritzara igorri zutela eta zenbait jarduera eragin zituela, bai Hezkuntza Ikuskaritzaren aldetik, bai hezkuntza-administrazioaren beraren aldetik.

Arartekoak informazioa galdegin zion Hezkuntza Sailari, jakin nahi baitzuen, besteak beste, zer ibilbide izan zuen Langileak Kudeatzeko zuzendariak Bizkaiko Lurralde Ordezkaritzara bidalitako idazkiak, eta zergatik iritsi zen ikastetxeko irakasleen eskuetara. Horrela, gertakari hori azaltzeko justifikaziorik ba ote zegoen aztertu nahi zuen.

Erakunde honen iritziz, sail horren erantzunean ez zen zehaztu, funtsean, zergatik hartu zuen aintzat kontu pribatu batetik igorritako posta elektroniko bat.

Egindako gestio guztien ondoren, Arartekoak oraindik ere ez daki zein izan zen idazkiaren ibilbide osoa eta zehatza, nortzuek eskuratu zuten edo zein euskarritan igorri zen organo batetik bestera.

Horregatik, Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailari gomendatu dio iker dezala zergatik iritsi zen datu pertsonalak zituen idazki bat garatutako administrazio-prozedurarekin zerikusirik ez zuten pertsonen eskuetara, bere prozedurak azter ditzala, eta beharrezko protokoloak nahiz tresnak abiaraz ditzala horrelako egoerak saihesteko.

Vitoria-Gasteiz 2020ko azaroaren 5a

 
GAI HONEKIN LOTUTAKO DOKUMENTUAK
Arartekoaren 2020R-1993-18 Ebazpena, 2020ko urriaren 21ekoa. Horren bidez,
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari gomendatzen zaio iker dezala zergatik amaitu
zuen datu pertsonalak zituen idatzi batek garatutako administrazio-prozeduratik
kanpoko pertsonen esku, azter ditzala bere prozedurak eta jar ditzala abian
antzeko egoerak gerta ez daitezen beharrezkoak diren protokoloak eta tresnak. Arartekoaren 2020R-1993-18 Ebazpena, 2020ko urriaren 21ekoa. Horren bidez, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari gomendatzen zaio iker dezala zergatik amaitu zuen datu pertsonalak zituen idatzi batek garatutako administrazio-prozeduratik kanpoko pertsonen esku, azter ditzala bere prozedurak eta jar ditzala abian antzeko egoerak gerta ez daitezen beharrezkoak diren protokoloak eta tresnak.
RSS
Bikaintasunarekin konpromisoa - Compromiso con la excelencia
sello accesibilidad   sello accesibilidad