ARARTEKOAREN 2020KO TXOSTENA EUSKO LEGEBILTZARRARI



Vitoria-Gasteiz

2020an, instituzioen -horien artean Arartekoa- eta administrazio publikoen jarduerak ondorioak pairatu zituen martxoan OMEk COVID-19ak eragindako osasun publikoko larrialdi-egoera pandemia gisa izendatu zuenean eta aipaturiko larrialdiari erantzute aldera lege- eta osasun-mekanismo guztiak aktibatu zirenean.

Konfinatzea eta funtsezkotzat jotzen ez diren jarduera guztiak ixtea ekarri zuten erabaki horien ondorioz, garrantzitsuak eta askotarikoak izan dira herritarrek beren eskubideei dagokienez izan dituzten eraginak edo mugak, norbanakoaren eta komunitatearen osasuna babeste aldera. Eta Arartekoak gertutik ezagutu ahal izan ditu herritarrek eta euskal administrazioek aurre egin behar izan dieten zailtasunetako batzuk.

Honako hauek dira Arartekoaren 2020ko jardueraren datuetako batzuk.

2020an zehar, 9.826 jarduketa egin dira guztira; horietatik, 6.437 kexei eta kontsultei dagozkie eta 30 ofiziozko espedienteei (arloka, gizarteratzeari, Haur eta Nerabeentzako Bulegoari, ingurumenari eta segurtasunari dagozkionak nabarmentzen dira).

Aurrez aurreko kexak eta kontsultak gutxitu egin dira, konfinamendu-aldian herritarrentzako arreta-bulegoak itxi egin zirelako. Nahiz eta etengabe mantendu dugun telefono bidezko arreta, baita konfinamendu-aldi horretan ere, gutxitu egin da telefono bidezko kontsulten kopurua. Aitzitik, igo egin dira ofiziozko espedienteen irekitzeak eta igorritako gomendio orokorren kopurua.

Herritarrentzako arreta bulegoetan, guztira, 7.064 zerbitzu eman ditugu. Horietatik, 3.882 hiru bulegoetako batean aurrez aurre aurkezturiko kexak eta kontsultak izan dira, eta 3.182 baino gehiago zerbitzu telefoniko bidezko aholkularitza eta informazioa jasotzeko egin dira.

2020an, 52 bilera egin ditugu gizarte-erakundeekin eta 49 administrazio desberdinekin: Eusko Jaurlaritzako sailak eta zuzendaritzak, foru aldundiak, udalak eta beste erakunde batzuk. Era berean, administrazio, gizarte-organizazio eta aholkularitzek sustaturiko estatu- eta erkidego-mailako 87 ekintza eta jardunalditan hartu dugu parte, eta nazioarteko beste 20tan.

Hain zuzen ere, pandemia geldiarazteko harturiko neurriak direla eta, ezinezkoa izan da guretzat mota ezberdinetako adingabeentzako egoitza-baliabideetara eta Ertzaintzaren eta Udaltzaingoaren komisarietara (besteak beste) aurreko urteetan egin ohi izan ditugun ikuskapen-bisitak egitea.

2020an, 2.525 kexa idatzi erregistratu ditugu, 2.061 kexa-espediente ebatzi dira, eta 1.432 ebazpen eman dira. Gainerako kasuetan, erabaki da kexak behingoan ez onartzea, bikoiztuta zeudelako, beste herriaren defendatzaile batzuei aurkeztu zitzaizkien-eta; ebazpen judizialaren zain zeudelako edo epai irmoa zutelako; auzibidera jo zelako, eta abar. Kexa-prozeduren batez besteko iraupena 46 egun izan da.

Kexa-espediente horiek aztertuta, ikusi dugu horien % 43an ukitutako administrazioak oker jardun zuela; ehuneko hori aurreko urtekoa (% 49) baino txikiagoa da. Kasuen % 82an, ukitutako administrazioak erreklamazioa eragin zuen jarduna aldatu eta zuzendu egin du. Kasu gehienetan, Arartekoak ez du gomendio formala egin beharrik izan.

Kexek hizpide duten gai-arloaren arabera gizarte-bazterkeriaren aurka borrokatzeko bitartekoei loturiko erreklamazioak pixka bat handitu direla antzeman dugu: 497 (2019an 468 izan ziren). Kexa-espediente horietatik, % 88 inguruk Lanbideren funtzionamenduarekin zerikusia daukaten arazoak dituzte hizpide, baita diru-sarrerak bermatzeko errenta eta etxebizitzarako prestazio osagarria kudeatzearen arloan burututako jarduerak ere.

Izapideturiko kexa-espedienteen ia % 43ak lotura dute gizarte-eskubideekin (osasuna, gizarteratzea, etxebizitza, hezkuntza eta abar).

Halaber, kexetako asko arreta publikoko kolektiboei buruzkoak dira. Espediente horietako askok (gizarteratze arlokoak barne) pertsona guztien berdintasun erreala eta eraginkorra bermatzeko politika publikoekin zerikusia dute, eta horien helburua da emakumeek, adinekoek, haur eta nerabeek, ezgaitasunen bat duten pertsonek, LGTB kolektiboak, immigranteek, ijitoek eta abarrek eskubide hori baliatzeko dituzten eragozpenak desagerraraztea.

Administrazio bakoitzari eragiten dioten espedienteen proportzioari dagokionez, aurreko urteetan bezala, Eusko Jaurlaritza izan da idatzizko erreklamazio gehien jaso dituen erakundea 2020an (ia % 54), eta euskal udalen jarduerei buruzko kexak aldaketa handirik gabe mantentzen dira (% 35). % 10 inguruk foru aldundiei eragiten die.

Sei gomendio orokor bidali ditugu eta 4 azterklan eta txosten jarri ditugu martxan (datozen hilabeteetan gauzatuko dira). Azterlan eta txosten horiek, diskriminazioa, Euskadin familiarik gabe dauden gate atzerritarrentzako arreta, COVID-19ak adineko pertsonen egoitzetan duen eragina edo administrazio elektronikoa eta herritarren eskubideak bezalako gaien ingurukoak dira.

Europako eta Nazioarteko Gaien Bulegoak, Haur eta Nerabeentzako Bulegoarekin eta Arartekoko Atzerritarren Arloarekin elkarlanean, bakarrik dauden atzerritar adingabeak hartzeko zerbitzuei buruz egiten ziharduen txostena amaitu zuen. Era berean, garrantzitsua izan da bi bulegoen parte-hartzea Haurren eskubideetan duten eragina ebaluatzeari buruzko Haurrak Defendatzeko Europako Sarearen lan-taldean.


HAUR ETA NERABEENTZAKO BULEGOA

Haurrak eta nerabeak ez dira libratu birusaren hedapena geldiarazten saiatzeko ezarritako neurrien ondorioez. Konfinamendu osoaz gain, hezkuntza-arrakalak, familiako gatazkek edo gurasoek lana galtzeak haurrengan eragin du, oraindik ere ehunekorik ez badakigu ere, eragin horietako batzuk epe ertainean edo luzean soilik ikusi ahalko ditugu eta. Nolanahi ere, eragina handiagoa izaten da krisiaren hasieran zaurgarritasun handiagoko egoera batean daudenentzat.

2020an, aurkeztu diren kexa-espedienteen artean, 502 izan dira (aurkezturiko guztien % 19,8) haur eta nerabeak beren-beregi inplikatuta egon direnak.

Umeen bizitzako baldintza materialekin eta hezkuntza-sistemarekin lotutako gaiek erreklamazioen % 72,1 osatzen dute. Gainerakoak, nagusiki, familientzako laguntza-politikei, babesgabetasun-egoeran dauden haurrentzako gizarte-zerbitzuei, osasun-sistemari eta eskola-kirolari dagozkien alderdiei buruzkoak dira.


Vitoria-Gasteiz, 2021eko martxoaren 30a

 
GAI HONEKIN LOTUTAKO DOKUMENTUAK
Arartekoaren interbentzioa 30-3 2021 Arartekoaren interbentzioa 30-3 2021
Urteko txostenak
Eusko Legebiltzarrarentzako txostena 2020 Eusko Legebiltzarrarentzako txostena 2020
Eusko Legebiltzarrarentzako txostena 2020 - Haur eta Nerabeentzako bulegoaren txostena Eusko Legebiltzarrarentzako txostena 2020 - Haur eta Nerabeentzako bulegoaren txostena
RSS
Bikaintasunarekin konpromisoa - Compromiso con la excelencia
sello accesibilidad   sello accesibilidad