EUSKADIN HAUR ETA NERABEEN KONTRAKO SEXU-ABUSUA ETA SEXU-ESPLOTAZIOA GERTATZEN DIRENEAN JARDUTEKO JARRAIBIDEAK


Arartekoaren gomendio orokorraren aurkezpena
Bilbo

Arartekoaren gomendio orokor hau lan-prozesu luze baten emaitza da. Horren bidez, hobetu egin nahi da tratu txar larri horiek jasan dituzten haur eta nerabeen kasuak antzemateko lana, baita horiekiko esku-hartzea eta tratamendua ere.

Sexu-abusuaren biktima izan diren haur eta nerabeei euskal administrazio publikoek emandako erantzunagatik zenbait urtetan kezka agertu ondoren, 2019an, Arartekoak jarduera-protokolo baten proposamena prestatzeari ekin zion, arlo horretan espezializatutako pertsona eta erakunde guztiek adierazi zuten gabezia bat arintzeko: sistema publikoek erantzun zatikatua eta loturarik gabea ematen zutela, hau da, ez zegoela irizpide partekaturik eta igarotzeko ibilbide argirik biktimei erantzutean; erantzun horrek, nahitaez, osoa eta ordenatua behar zuen izan.

Gabezia hori kontuan hartuta, jarduteko jarraibideen proposamenak helburu nagusi bat azaldu du: esku-hartze eraginkorra ziurtatzea haurren aurkako sexu-abusua edo sexu-esplotazioa gertatzen direnean, kasu guztietan bermatuz biktima babestuko dutela eta egindako kaltea konponduko dela. Jarraibideek sistema batetik besterako igarotzeei erreparatzen diete, sistema horietako bakoitzak egin behar duenari, beste eragile batzuen lana ez alferrik galtzeko, horiek ezinbesteko lankideak baitira.

Gomendio hau haurren eta nerabeen eskubideen ikuspegitik egina da, alegia, eskubideak dituzten pertsonen ikuspegitik. Paradigma horretatik abiatuta, haurrenganako sexu-abusua haurren kontrako indarkeria da, haurrei eta nerabeei tratu txar larriak ematea, Haurren Eskubideei buruzko Hitzarmenak eta Batzordeak berak gogorarazten digutenez.

Ikuspuntu horretatik begiratuta, bi ideia eragingarri hauek egiten diete tira gainontzeko elementuei:

1. Jarduera guztiak bigarren mailako biktimizazioa arintzera bideratuta daude, eginbide errepikakorrak saihestuz eta gutxieneko esku-hartzearen, bizkortasunaren eta espezializazioaren irizpideetara egokituz.

2. Biktima diren haur eta nerabe guztiek tratamendua jaso ahal izatea, kaltea albait azkarren konpon dadin. Horretarako, bermatu egin behar da tratamendu horretarako eskura dauden zerbitzuak publikoak eta unibertsalak izango direla eta eragile guztiek tratamenduaren hasiera ahalbidetzeko lan egingo dutela, alferrikako atzerapenik gabe.

Euskarri horietan oinarrituta, jarduteko jarraibideek zehatz-mehatz eta detekzio-uneetan multzokatuta zerrendatzen dituzte esku-hartzea eta tratamendua, eragile bakoitzaren erantzukizunak eta eginkizunak, jardueren sekuentzia eta iraunaldiak.

Une honetarako eta oraingo egoeran jarduteko jarraibide egokienak zeintzuk diren teknikoki azaldu eta gero, Arartekoak euskal administrazio publiko eskudunei gomendatu die:

· Ezar ditzatela "Euskadin haur eta nerabeen sexu abusu eta esplotazio kasuetan jarduteko jarraibideak" izenburuko agirian jasotako neurriak (idazki honi erantsi dizkiogu), beren sistemari edo erakundeari dagozkien alderdi zehatzetan.

· Jarduteko jarraibide horiek zabal ditzatela beraien eskumen-eremuetan, eta beharrezko ekintza eta aldaketa guztiak abiaraz ditzatela jarduteko eta prozedurazko eredu bakoitza bertan ezarritako neurrietara egokitu dadin eta neurri horiek barnera ditzan.

· Nork bere alorreko profesionalen prestakuntza eta espezializazioa susta ditzala, baita praktikak arlo pribatuan egiten dituztenenak ere. Gainera, ziurtatu beharko da prestakuntza tekniko espezializatu hori giza eskubideen, haurren eta generoaren ikuspegitik begiratuta gauzatzen dela.

· Garatutako neurrien bilakaera azter dezatela eta horiek ebalua ditzatela, beharrezkotzat jotzen diren zuzentzeko eta hobetzeko elementuak erantsiz eta Arartekoari horien berri emanez, jarduteko jarraibide horiek eguneratu ditzan, hala badagokio.

Gainera, gizarte-zerbitzuen sistemari eskatzen dio arreta osoko eredu baten alde egiteko lehen urrats gisa, beharrezko zerbitzuak abian jar ditzala sexu-abusua jasan duten haur eta nerabe guztiei tratamendu publikoa jasotzeko aukera bermatzeko, beraien familien babes-ahalmenari buruzko edozein balorazio baztertuta.

Era berean, justizia-administrazioa osatzen duten erakundeei eskatzen die ahalbidetu dezatela gomendio orokor honetan bildu diren jarduteko jarraibideak beraien prozedurazko jardueretan erabiltzea.
Proposamen honek puri-purian dauden beste ekimen batzuen helburu eta orientabide berberak ditu.

Adibidez, haurrak eta nerabeak indarkeriaren kontra osorik babesteko lege organikoaren proiektua, zeina Gorte Nagusiak izapidetzen ari baitira. Gauza bera esan daiteke haurren etxeez edo Barnahus ereduaz; euskal administrazioak horren alde apustu egin du, Eusko Jaurlaritzaren Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Saileko egungo arduradunak XII. Legealdiaren hasieran aurkeztu dituen jarduera-lerro nagusiak kontuan hartzen baditugu.

Proposatu diren jarduteko jarraibideek jada egin dute bide jakin bat: finkatu dituzte partekatutako helburuak eta orientabideak, lortu dituzte adostasunak eta erabaki dituzte lan koordinatua egiteko moduak. Horregatik guztiagatik, pentsa liteke jarduteko jarraibide hauek lehen urratsa direla norabide egokian, tresna egiazkoa eta egungoa dela, erantzun hobeago eta asmo handiagoko baten zerbitzuan, hori lortzeko lanean jarraitu behar baita.

Bilbo, 2021eko maiatzaren 18a

EUSKADIN HAUR ETA NERABEEN KONTRAKO SEXU-ABUSUA ETA SEXU-ESPLOTAZIOA GERTATZEN DIRENEAN JARDUTEKO JARRAIBIDEAK

 
GAI HONEKIN LOTUTAKO DOKUMENTUAK
Euskadin haur eta nerabeen kontrako sexu-abusua eta sexu-esplotazioa gertatzen direnean jarduteko jarraibideak - Pepa Hornoren aurkezpena Euskadin haur eta nerabeen kontrako sexu-abusua eta sexu-esplotazioa gertatzen direnean jarduteko jarraibideak - Pepa Hornoren aurkezpena

GAI HONEKIN LOTUTAKO ESTEKAK
Euskadin haur eta nerabeen kontrako sexu-abusua eta sexu-esplotazioa gertatzen direnean jarduteko jarraibideak - Aurkezpenaren bideoa Euskadin haur eta nerabeen kontrako sexu-abusua eta sexu-esplotazioa gertatzen direnean jarduteko jarraibideak - Aurkezpenaren bideoa
RSS
Bikaintasunarekin konpromisoa - Compromiso con la excelencia
sello accesibilidad   sello accesibilidad