GIZA ESKUBIDEEN EUROPAKO HITZARMENAREN 70. URTEMUGA



Vitoria-Gasteiz

1950eko azaroaren 4an, Europako 12 herrialdek Giza Eskubideen Europako Hitzarmena sinatu zuten, Erroman. Hauexek izan ziren: Erresuma Batua, Frantzia, Luxenburgo, Belgika, Herbehereak, Italia, Alemaniako Errepublika Federala, Turkia, Irlanda, Danimarka, Islandia eta Norvegia. Egun batzuk geroago Suedia eta Grezia batu zitzaizkien.

Hitzarmenean 13 giza eskubideren zerrenda ezarri zen, herrialdeek horiek betetzeko konpromisoa, betetzen zirela ikuskatzeko Batzorde bat eta Tribunala , nahiz eta azken hori aukerakoa izan.

70 urte hauetan barrena, Europako 35 estatu gehiagok egin dute bat Hitzarmenarekin; beraz, Europako ia herrialde guztiek bete behar dituzte gaur egun han ezarritako eskubideak. Espainiak Hitzarmena berretsi zuen 1979an, demokraziara itzuli ostean.

Harrezkero, sistema aldatu egin da. Hitzarmenari hainbat protokolo gehitu zaizkio, eskubide gehiago ezartzen dituztenak. Gainera, Auzitegia jada ez da aukerakoa, nahitaezkoa baizik. Horrek esan nahi du edonork, edozein naziotakoa izanda ere, legezko bizilekua izan ala ez izan, Hitzarmeneko edo protokoloetako eskubide bat urratu diotela uste badu, nazioarteko auzi-eskea jar dezakeela bere eskubideak hautsi dituen Europako herrialdearen kontra. Horretarako, lehenik herrialde horretako instantzia judizial guztiak agortu behar ditu.

Arartekoak Hitzarmen berria eta Giza Eskubideen Europako Auzitegia ezagutzera gonbidatzen zaituzte:

· Hitzarmenaren testua eta babesten dituen giza eskubideak,bideo honetan

· Nola funtzionatzen du Giza Eskubideen Europako Hitzarmenak?

· Azalpen-bideoak

1959 eta 2019 bitartean, Auzitegiak 22.500 epaitik gora eman zituen, horietatik 250 Espainiaren aurka azaldutako kasuetan. Hala ere, epaien kopurua baino garrantzitsuagoa da pertsonen bizitzetan eta herrialdeetako zuzenbidean izan duten eragina.

Giza Eskubideen Europako Auzitegiak aukera ematen du beraien herrialdeen kontra epaiketak irabazi zituzten pertsonen historiak ezagutzeko. Bideoen, elkarrizketen eta laburpenen bitartez, zuzen-zuzenean ikas dezakegu Auzitegiaren epaiek zer ondorio izan duten.

Auzitegi horren epaiei esker, herrialde batzuetan homosexualitateak debekatua egoteari utzi zion, ezkontzaz kanpoko seme-alaben eskubide berdintasuna eta doako laguntza juridikoa izateko eskubidea aitortu ziren, edo kalte-ordaina eman zitzaien Beslaneko (Errusia) eskolan egin zen atentatuaren biktimei.

Espainian, Giza Eskubideen Europako Auzitegiak senatari baten adierazpen-askatasuna babestu zuen, bidegabekeriak zuzendu zituen zigor-prozesuetan, tortura-alegazioak ikertu behar zirela adierazi zuen, eta, berriki, manifestari baketsu batzuk babestu zituen polizia-kargen kontra.

Arartekoarentzat ezinbestekoa da herritarrek beren eskubideak ezagutzea; horregatik ospatzen du Giza Eskubideen Europako Hitzarmenaren urtemuga hau, Europaren historian oinarrizko mugarria baita.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko azaroaren 2a

 
RSS
Bikaintasunarekin konpromisoa - Compromiso con la excelencia
sello accesibilidad   sello accesibilidad