Giza Eskubideen Europako Auzitegiak adierazi du Cañada Realen etxebizitza bat eraisteak ez zuela giza eskubiderik urratu


Auzi-jartzaileek beraiek eraiki zuten etxebizitza bat Cañada Realen, eraikitzerik ez zegoen lurzoru batean. Etxebizitza hura Madrilgo Udalak eraitsi zuen, baina, pixka bat geroago, auzi-jartzaileek berreraiki egin zuten. Udalak eraikin berria ere bota zuen.

Auzi-jartzaileek argudiatu zuten bi eraisketa haien bidez urratu egin zela beren bizilekua errespetatzeko eskubidea, Giza Eskubideen Europako Hitzarmenaren 8. artikuluan ezarritakoari jarraiki, eta gehiegizkoak izan zirela.

Bere epaian, Auzitegiak gogorarazi du Hitzarmenaren 8 artikuluak babesten duen bizilekua ez dela mugatzen legez eraiki edo okupatutako etxebizitzetara. Kasu honetan, argi zegoen eraisketek bizilekua errespetatzeko eskubidea kendu zietela auzi-jartzaileei. Hala ere, Auzitegiaren iritziz, eraisketak legeriaren araberakoak izan ziren eta bidezko helburua zuten: hirigintza arloko legeria betetzea eta okupatzeko eskubiderik izan gabe partikular batzuek okupatu zuten lurzoru publikoa berreskuratzen saiatzea.

Gainera, Auzitegiaren aburuz, Madrilgo Udalaren jarduera neurrizkoa izan zen: etxebizitza legez kontrakoa zen, argi eta garbi, eraikitzen ari zirenean auzi-jartzaileei adierazi zitzaienez. Nahiz eta, oro har, agintariek Cañadan legez kontra eraikitzea onartu zuten, kasu zehatz horretan eta beste batzuetan, udalak eraikuntzaren kontra erreakzionatu zuen lehen unetik. Horrez gain, auzi-jartzaileek berriro eraiki zuten etxebizitza, legez kanpokoa zela jakinda, eta ez zituzten baliatu eraisketa-aginduaren kontra alegazioak egiteko aukerak, ezta administrazio-baliabideak ere, ez baitzuten alegatu norberaren inolako ezintasunik edo arazorik. Ezein unetan ez zen argudiatu eraisketek batez ere jatorri nazional edo etniko jakin bateko pertsonei eragin zietenik. Azkenik, Auzitegiak uste du epaitegiek erantzun egokia eman zietela auzi-jartzaileek eraisketaren neurrizkotasunaz azaldutako argudioei, izan ere, eskola ikasturtea amaitu arte atzeratu zuten, eta auzi-jartzaileek ez zuten alegatu ez zutela ordezko bizilekurik.

 
RSS
Bikaintasunarekin konpromisoa - Compromiso con la excelencia
sello accesibilidad   sello accesibilidad