Nazio Batuetako Giza Eskubideen Kontseiluak ingurumen osasungarria izateko eskubidea aitortu du


Urriaren 8an onartutako ebazpen batean, aldeko 43 botorekin eta 4 abstentziorekin, Nazio Batuetako Giza Eskubideen Kontseiluak ingurumen osasungarria izateko eskubidea aitortu zuen, nazioarteko zuzenbideak aitortutako beste giza eskubide batzuekin lotutako giza eskubide gisa, baliatzeko garrantzitsua. Gainera, ebazpenean estatuei eskatzen zaie ingurumena babesteko dituzten gaitasunak areagotu ditzatela, helburu hori lortzeko nazioarteko lankidetza indartu dezatela, politika publikoak abiaraz ditzatela ingurumen osasungarri eta jasangarrirako eskubidea sustatzeko, eta elkarrekin jarduera egokiak parteka ditzatela.

Atarikoan, ebazpen horretan nabarmentzen da garapen jasangarria eta ingurumena babestea lagungarriak direla pertsonen ongizaterako eta zenbait giza eskubide baliatzeko, adibidez, bizitzeko eskubidea, osasun fisiko eta mentalerako eskubidea, elikatzeko, etxebizitza izateko, ur edangarria izateko eta kulturan parte hartzeko eskubideak. Aitzitik, klima-aldaketak, baliabide naturalen kudeaketa jasanezinak, kutsadurak eta biodibertsitatea galtzeak eragin kaltegarria dute giza eskubideak baliatzean. Ingurumen-kalteen ondorioak, gainera, kaltegarriagoak dira pertsona eta talde zaurgarrienentzat (herri indigenak, adin handikoak, desgaituak, emakumeak eta neskatoak). Horregatik, talde horiek babesteko neurri gehiago hartu behar direla ere adierazten da.

Ebazpenean jakinarazten denez, munduan dagoeneko 155 herrialdek aitortu dute, modu batean edo bestean, ingurumen osasungarria izateko eskubidea, dela nazioarteko akordioen bitartez, dela beraien konstituzioen edo legeriaren bitartez. Espainian, Konstituzioko 45. artikuluak eta autonomia estatutu batzuek ere aitortzen dute, esaterako, Andaluziakoak, Kataluniakoak, Gaztela eta Leongoak, Aragoikoak, Balear Irletakoak, Valentziako Erkidegokoak eta Kanarietakoak. Euskadin, Euskal Herriko ingurugiroa babesteko 3/1998 Lege orokorrean jasota dago, 3.1 artikuluan.

Ebazpen hori Costa Ricak zuzendutako herrialde talde baten ekimenaren emaitza da, eta bertan Espainiak parte hartu du.

 
RSS
Bikaintasunarekin konpromisoa - Compromiso con la excelencia
sello accesibilidad   sello accesibilidad