OSAKIDETZAK PERTSONA BATEN GARAPEN PROFESIONALAREN MAILA AITORTU DU, ARARTEKOAK HALA GOMENDATU ONDOREN



Vitoria-Gasteiz

Pertsona batek Arartekoari adierazi zion ez zegoela ados Osakidetza Euskal Osasun Zerbitzuaren jarduerarekin, 2011ko ekitaldiko garapen profesionalaren maila aitortzeko ohiko deialdiari zegokionez.

2013an plaza bat lortu zuen Kantabriako Osasun Zerbitzuan eta geroxeago Osakidetzara itzuli zen, zerbitzu-eginkizunean. Harrezkero etengabe lan egin du erakunde horretan, bai zerbitzu-eginkizunean, bai langile finko gisa, izan ere, 2019ko otsailean lanpostu bat eskuratu zuen, lekuz aldatzeko lehiaketa batean parte hartu ostean.

2014an, Osakidetzako zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez, deialdia etetea erabaki zen, baina ordura arte egindako jarduera guztiak baliozkoak izaten jarraituko zutela ezarri zen. Jarduera haiek etendako administrazio-espedientearen barruan geratuko ziren, harik eta egoera ekonomikoak ahalbidetu arte eta etenaldia amaitzea erabaki ahal izan arte.

Etenaldi hura indarrean zegoen bitartean, kexagileak Kantabriako Osasun Zerbitzuak garapen profesionala aitortzeko egindako deialdian parte hartu zuen eta I. Maila aitortzea lortu zuen. Aitorpen hura Osakidetzak homologatu zuen.

Etenaldia amaitu eta prozesuak aurrera jarraitu zuenean, deialdian lortutako mailen esleipena argitaratu zen behin-behinean, baina kexagilea ez zen agertzen, kanpoan utzi baitzuten, deialdiko ebazpenean ezarritako baldintzak ez betetzeagatik.

Arartekoa ez zetorren bat irizpide horrekin eta Osakidetzari eskatu zion beharrezko neurriak har zitzala 2011ko deialdian aurkeztutako garapen profesionala aitortzeko eskaera izapidetu zedin.

Osakidetzak onartu egin du Arartekoaren gomendioa, eta eskertzen diogu bere lankidetza.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko urtarrilaren 22a

 
GAI HONEKIN LOTUTAKO DOKUMENTUAK
Arartekoaren 2020R-2413-19 Ebazpena, 2020ko urriaren 29koa. Horren bidez,
Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuari gomendatzen zaio behar diren neurriak har
ditzala 2011ko ekitaldiko deialdian aurkeztutako garapen profesionala aitortzeko
eskaera izapidetzeko eta haren emaitzari deialdi horretan aldeko ebazpena eman
zitzaien gainerakoei emandako eragin-data bera esleitzeko. Arartekoaren 2020R-2413-19 Ebazpena, 2020ko urriaren 29koa. Horren bidez, Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuari gomendatzen zaio behar diren neurriak har ditzala 2011ko ekitaldiko deialdian aurkeztutako garapen profesionala aitortzeko eskaera izapidetzeko eta haren emaitzari deialdi horretan aldeko ebazpena eman zitzaien gainerakoei emandako eragin-data bera esleitzeko.
RSS
Bikaintasunarekin konpromisoa - Compromiso con la excelencia
sello accesibilidad   sello accesibilidad