2015eko René Cassin saria "Frankismoaren krimenen kontra auzia jartzeko euskal plataforman" elkartu diren euskal biktima auzi-jartzaileei

Gaur, Giza Eskubideen Nazioarteko Egun honetan, Iñigo Urkullu lehendakariak 2015eko giza eskubideen René Cassin Saria eman die "Frankismoaren krimenen kontra auzia jartzeko euskal plataforma"n antolatu diren euskal auzi-jartzaileei. Julia Hernández arartekoaren ondokoa ere saria emateko ekitaldian izan da.

Sari hori Bakegintza eta Bizikidetzarako Idazkaritza Nagusiak ematen du. Aurten, epaimahaiak erabaki du talde horrek justizia unibertsala defendatzen egiten duen lana saritzea, giza eskubideen urratze larriak jazartzeko tresna gisa. Gainera, aitorpen hori baliagarria izango da talde horrek egia eta justiziaren bila banaka nahiz taldean egiten duen lana bultzatzeko.

Era berean, hautagai hori aukeratuta, aitorpen morala egin nahi zaie aipatutako plataforman antolatu diren euskal biktima auzi-jartzaile guztiei eta haietako bakoitzari.

René Cassin saria Eusko Jaurlaritzak sortu zuen, jendaurrean aitortu nahi baitzuen gure gizartean zer-nolako lana egiten duten, beraien jardunaren bitartez, giza eskubideen balioak sustatzen nabarmenki laguntzen duten pertsona fisiko edo juridikoek.

Sariari izena eman dion pertsona, René Cassin, Baionan jaio zen 1887an, Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalaren eragile nagusitzat hartzen dute eta Bakearen Nobel saria jaso zuen 1968an.

Vitoria-Gasteiz, 2015eko abenduaren 10a