Abanto-Zierbenako Santa Juliana auzoa hirigintza arloan biziberritzea

Arartekoak hainbat aldiz jardun du Abanto-Zierbenako Santa Juliana auzoaren gizarteko eta hirigintzako hondamen-egoeraren aurrean.

Besteak beste, honako gaiok eragin dituzte kexak: historian barrena, auzoan ez da egon udal zerbitzurik, ez ekipamendu egokirik ere, eta eraikinak hondatu egin dira, beste arrazoi batzuen artean, hiri-antolamenduaz kanpoko egoeran daudelako.

2010ean Arartekoak zenbait gogoeta egin zituen Abanto-Zierbenako Udalari eta Eusko Jaurlaritzaren orduko Etxebizitza eta Gizarte Politiketako Sailari bidalitako ebazpen batean. Han nabarmendu genuen auzo horretan erabat esku hartu behar zela, Santa Juliana auzoa azken urteotan jasaten ari den gizarte- eta hirigintza-hondamena konpontzeko.

Harrezkero, harremanetan jarraitu dugu eragindako administrazioekin eta oraindik ere auzoan bizi diren pertsona batzuekin.

Gai horren gainean jazo diren gertaera garrantzitsuen artean, azpimarratu beharra daukagu 2010ean Abanto-Zierbenako Hiri Antolamendurako Plan Orokorra behin betiko onartu zela. Plan horretan sektore bat aurreikusi da Santa Juliana auzorako, zeina plan partzial baten bidez garatu behar den.

Gainera, oraindik orain, Eusko Jaurlaritzak diru-laguntza bat baimendu dio Abanto-Zierbenako Udalari, Santa Juliana auzoa hirigintza arloan biziberritzeko lanen lehen fasearen kostua finantzatzeko, hutsik zegoen etxebizitza bat erosi eta gero eraitsiz.

Egiaztatu dugunez, beharrezko hirigintza-tresnak hitzartu eta prestatzeak denbora luzea eskatzen duen arren, auzoa biziberritzeko prozesua abian dago eta aurrera egiten ari da, poliki baina tinko.

Ararteko erakundeak nabarmendu nahi du eragindako administrazioek elkarrekin lankidetzan aritzeko borondatea agertu dutela. Era berean, berriro diogu, ahaleginak egiten jarraitu behar da, biziberritzeko prozesua bizkorrago kudeatzeko behar diren baliabideak lor daitezen eta auzoan bizi diren pertsonen partaidetza ahalbidetu dadin.


Vitoria-Gasteiz, 2015eko otsailaren 23a