Adineko LGTB-ei buruzko jardunaldiak

Heldutasunean LGTB-en taldea normalizatzeko eta ikusgai egiteko erronka berriak

Iñigo Lamarca arartekoak Adineko LGTBei buruzko I. Jardunaldian parte hartuko du gaur Madrilen. Jardunaldi hori 26 de diciembre fundazioak antolatu du, honako izenburu nagusiarekin: Heldutasunean LGTBen taldea normalizatzeko eta ikusgai egiteko erronka berriak. Arartekoak mahai-inguru batean esku hartuko du, gai hau hizpide hartuta: "Iragana, oraina eta etorkizuna adin nagusiko pertsonak artatzean".

1978ko abenduaren 26an Arriskugarritasunari eta Gizarte Errehabilitazioari buruzko Legea aldatu zelako hartu du izen hori 26 de diciembre fundazioak. Lege hura erregimen frankistak onartu zuen, 1970ko abuztuan, lehengo Alfer eta Gaizkileen Legearen ordez. Legezko esparru horiek ahalbidetu zuten, hamarkadetan barrena, beste batzuen artean homosexualak eta transexualak jazartzea eta espetxeratzea. Abenduaren 26 hartatik aurrera, lege hura egiaz homosexualei aplikatzeari utzi zitzaion, eta bide bat zabaldu zen LGTBen taldeak bere eskubide berdintasunaren aldeko borroka hasi ahal izateko.

Azken urteotan aurrerapen garrantzitsuak egin diren arren, esate baterako, homosexualen arteko ezkontza onartzea, oraindik lortzeko dagoen gauzetako bat da zahartzaroan lesbiana, gay, transexual eta bisexualen duintasuna eta haienganako begirunea babestea.


Vitoria-Gasteiz, 2011ko urriaren 5a