ADINEKOEN ESKUBIDEAK ETA TRATU DESEGOKIAREN PREBENTZIOA

Arartekoak sustatutako ikerketa lana eta Francisco Javier Leturia eta Nerea Etxanizek burututakoa

Lan hau Arartekoak Matia Fundazioarekin lotutako pertsona talde bati emandako beka baten emaitza da. Aski ezaguna da fundazio horrek adineko pertsonak laguntzen duen esperientzia.

Antzeko gaietan bezala (genero indarkeria, haurren tratu txarrak...), egoera hau ez da oso ezaguna eta mota askotako esku-hartzeen beharra dauka: gizarte sentsibilizazioa, profesionalen prestakuntza, pertsonak haien eskubideen jabe egitea, prebentzioa...

Biztanleria pixkanaka zahartzeak, zahartze horretatik eratorritako beharren hazkundeak nahiz behar horiei aurre egin, horiek babesteko baliabideek beharrezko egiten dute hausnarketa estrategikoa egitea. Izan ere, ezagutzaren alor guztiak, politikak eta gizarte antolamendua biztanleriaren laurden bat gainditzera pixkanaka iritsiko den errealitate eta talde bati egokitu beharko zaio.

Horrek esan nahi du gizarte, osasun eta lan politikak eta horiek zabaltzeko sistemenak egokiak izan behar direla. Era berean, ordenamendu juridikoa eguneratu egin behar da, talde honen eskaerak eta berezitasunak aintzat hartuta, izan ere, adinekoen taldea geroz eta garrantzitsuagoa bilakatzen ari da.

Une honetan, uste dugu, garrantzitsua dela orokorrean adinekoen eskubideen gaiari arreta eskaintzea, baita mendetasun egoeran dauden adinekoen eskubideei eta haien zaintzaileenei ere:

  • bizi-luzetasunaren iraultza adina eta ezintasun eta mendetasun egoerekin lotuta bizi dugu;
  • mendetasunaren karga familiek jasaten dute, eta familia ereduetan igarritako aldaketek eta emakumea lan mundura sartzeak ezinbesteko egiten dute arretaren sistema tradizionala berraztertzea;
  • prebentzioaren ikuspegitik aztertuta, arreta gehiago eman behar zaio prebentzioari eta ahultasunaren atentzioari, beharrei eusteko eta ezgaitasuna eta mendetasuna atzeratzeko formula gisa. Halaber, pertsonari ematen zaion arreta eskubideen subjektu moduan planteatu behar da, bere bizi proiektuan agente aktibo izan dadin.

Lan honen ikuspegiak honakoa argitzeko asmoa du: adineko prestonen tratu desegokia prebenitzeko estrategia eraginkorrena pertsonen eta haien senideen "jabekuntza" da, batez ere hondamen kognitiboagatik beren eskubideak baliatzeko eta beren burua defendatzeko ahalmenik gabe egon daitezkeenean. Horretarako, garrantzitsua da horietaz jabearaztea, benetan baliatzeko aukera izan dezaten eta edonoren aurrean eta edozein egoeratan balioa eman diezaioten.

Halaber, bereziki azpimarratu nahi da babes publikoak behar direla eta gai hauek adinekoentzako zerbitzu, programa, zentro eta abar guztietako arreta eta esku-hartze plan orokorretan sartu behar direla.

Lan honek ikuspegi hori helarazi nahi die profesionalei, adinekoei eurei, haien senideei eta zaintzaileei, eta baita gizarteari orokorrean ere. Horretarako, egun adinekoen egoera, eta beharrak jorratzeko dauden ereduak aurkezten dira, bizi kalitatearen sustapenaren paradigma aplikatzeko eredu zehatza eta, ondorioz, haren funtsezko dimentsio modura eskubideen bermea aurkezten da. Horretarako, idazleek azken hamar urteotan, Matia Fundazioan eta beste zentro batzuetan, eredu horiek formalizatu eta ezartzeko egindakoaren adibideak emango dira.

Liburuak adineko pertsonen eskubideei buruzko legeriaren bilduma laburra jasotzen du. Eskubideak eta segurtasuna pertsonaren bizi-kalitatearen funtsezko dimentsio gisa sartzen dituen arreta eta esku-hartze eredua agertzen du eta Matia Fundazioak garatutako esperientzian oinarritzen da. Jardunerako proposamen gisa IGEMAtik eta Hurkoa Fundaziotik bideratutako "Adinekoen eta haien zaintzaileen eskubideen sustapena, eta tratu desegokiaren prebentzioari" buruzko Mintegi Iraunkorraren emaitzak aurkeztu ditu. Horretarako enpresa eta elkarte ezberdinetako profesionalen jakintza alor arteko taldearen parte-hartzea dauka, eta horiek EAEko gizarte nahiz osasun eremuetako laguntza maila guztietatik etorritakoak dira. Halaber, Donostiako udalaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren erakunde babesa dago.

Mendetasun egoeran zegoen adineko 78 pertsonarekin (% 70 egoiliarrak ziren, % 30 etxean bizi direnak eta eguneko zentroetara bertaratzen direnak), adineko 75 pertsona autonomorekin (gizarte klub eta esperientziaren eskola ezberdinetan parte hartzen dutenak), hondamen kognitiboarekin egoitzetan dauden pertsonen 16 seniderekin eta 19 profesionalekin egindako elkarrizketa eta talde kualitatiboetan lortutako emaitzak agertzen ditu, baita Matia Patronatuko Batzorde Etiko Juridikoarekin egindako alderaketan lortutako emaitzak ere. Honakoei buruzko galdera sorta batean oinarritutako emaitzak: eskubideak ezagutu eta horiek baliatu, duintasuna, independentzia, intimitatea, aukeratzeko askatasuna eta gogobetetasuna.


Eskubideen eta tratu txarren gaineko ikuskaritzetatik harago, uste dugu, agiri honetan erabilitako eta aurkeztutako atentzio ereduak eta teknikak, baliabide... gida izan daitezkeela eredu hau ezartzeko bidean sakondu nahi dutenentzat eta eskubideen sustapena eta segurtasun bermearen arretarako ekintzak egin nahi dituztenentzat, baita tratu desegokiari aurrea hartu eta kudeaketa egokia burutzerako ere.

Lan hau Ararteko erakundeak argitaratuko du liburu eta CD euskarrian eta administrazioetara, zerbitzuetara eta sektoreko erakunde eta elkarteetara bidaliko da. Gainera, EAEko adineko pertsonentzako egoitza eta eguneko zentroetara bidaliko da.


Donostia-San Sebastián, 2009ko otsailaren 18a


Lotutako dokumentazioa

ADINEKOEN ESKUBIDEAK ETA TRATU DESEGOKIAREN PREBENTZIOA